Leire Perlines Apalategi • Hitz batzuk Etxaguenetik
Lan askoko arratsalde horietako bat zen atzokoa, atseden hartzeko denborarik ere ez dagoenetako bat. Haizea hartzea izaten da horrelako egunei aurre egiteko baliagarria zaidan terapia, baina lan-zamak ez zidan hori egitea onartu. Horregatik, nire logelako leihoaren ondoan eseri nintzen; gortina ezkerreratu eta kristala zabaldu nuen, kanpoan zegoena ikusteko. Lasai zegoen hiria.
Lasaitasun hori lasterka agertu zen emakume batek hautsi zuen. Motxila bat zeraman bizkarrean, eta maleta bat zuen eskuetan metrora sartzen zen bitartean. Pentsakor utzi ninduen zerbait egin zuen emakumeak: sartu zen metroko aho beretik atera zen hiru minutu eskasera. Maletak nonbaitera zihoala esaten zidan, baina, zergatik atera zer metrotik sartu berri bazen?
Oraingoan mugikorretik hitz egiten ari zen, eta triste zegoela nabari zitzaion, aukera bat galdu izan balu bezala. Bilboko autobus geltokira joan nahi zuela pentsatu nuen, motxila eta maleta bana zeramatzalako, akaso. Gainera, metroak geltokiarekin lotura zuzena dauka, eta horrek ere hara zihoala pentsatzeko arrazoi gehiago ematen zizkidan.
Galdu zuen metro horrek bere bizitzako aukera bat galtzea eragingo zuen? Bere ametsetako bidaia galdu ote zuen? Zer gertatu ote zen? Zenbat istorio gordetzen ote ditu metroa hartzen duen norbanako bakoitzak?