Miren Alvarez Juaristi • Urrats podologia (Urretxu)
Oinaren egitura ez da txantxetan hartzeko moduko eraikuntza. Elementu konplexua da oso; 28 hezur, 33 artikulazio eta 100 tendoi baino gehiago biltzen dituena.
Ibilian-ibilian, Txindokiko tontor malkartsuan nahiz Zurriolako harea finean, zapaltzen goazen lur-zoruaren gorabeheretara egokitzeko diseinatuta dago gure oina. Toki batetik bestera ahalik eta erosoen mugitu ahal izateko, kotxeak errepideko zuloen eragina jasotzen duen indargetzaileak dituen bezalaxe, oinak ere badu gorputz atal desberdinak babesteko halako sistema sofistikatu bat.
Jakina da edozein pertsonaren gorputza sostengatzeko oinarrizko atala dugula oina. Gorputza ordea, ariketa fisiko zehatz eta berezi batetara bideratzen badugu, oinaren eraginaren garrantzia areagotu egiten da, kirolariak kasu. Izan ere, kirolari batek bere oinean proiektatzen dituen kargak, oinez goazenean baino askoz altuagoak dira.
Denbora luzez
Tabernako barran denbora luzez zutik egoterakoan, edota dantzan saltoka ibiltzerakoan, oinek lan handia egin behar dute. Korrika egiten dugunean adibidez, gure gorputzaren pisuaren laukoitza jasanarazten diegu gure oinei. Honek esan nahi du, maratoi erdi bat korrika egiten dugunean gure oinek hainbat tonatako karga eusten dutela.
Artikulazio, gihar, ligamentu eta tendoiek osatutako egiturak ondo lan egiten baldin badu, gure oinek behar hainbat talka amortiguatzeko gauza izango dira.
Edozein kirolarirentzat oso garrantzitsua da bere martxa biomekanikoaren azterketa egitea podologia zentro batean.
Arazoei aurre egiteko
Zapaltzeko moduan arazoren bat aurkituz gero, bi arlotan lan egiten da:
- Lan muskularra, fisioterapeuta eta prestatzaile fisikoak bidalitako luzapenak eta indartze ariketak.
- Podologoak neurrira egindako barne-zolak, oina lurrean behar duen bezala mugitu eta kokatzeko.
Kirolaria zara?
Hemen dituzu neurrira egindako barne-zolak erabiltzeko arrazoi batzuk:
- Gorputzari egonkortasuna ematen diote eta bihurrituak ekiditzen dituzte.
- Amortiguazioa.
- Supinazio-pronazio mugimendu armonikoa lortarazi.
- Gastu energetikoa gutxitzen dute.
- Gogortasun eta kailuen eboluzioa gutxitzen dute.
- Giharren nekea gutxitzen dute.
- Min sintomatologia gutxitzen dute, oin-txorkatila-belaun arteko lerroketa egokia lortzen dutelako.
Edozein zalantza baduzu, zure podologoarengana jo.