Euskaldunak tartean geratu ziren, beste behin, 1808an Espainiaren eta Frantziaren artean gerra piztu zenean. Segurako Agirreburualde alkateak kontatu zuen milaka soldadu frantses pasatu zirela herritik. Ate eta leiho denak itxita, beldurrez aidean segurarrak etxeetan. Erraztiolatza Museoak egin duen azken ikerketa baten arabera, bi herritar altxatu ziren frantsesen etorreraren aurka: Miguel Lardizabal eta Jose Manuel Imaz Aristimuño, Barriola deitua.
Oso ospetsua izan zen Barriola gerrillaria. Nahiz eta ordurako 44 urte eta bederatzi seme-alaba bazeuzkan, «askatasunaren alde» jaiki, eta basora ezkutatu zen, frantsesei handik eraso eta kalte egiteko. Ziurrenik 21 eta 16 urteko seme zaharrenak berarekin izango ziren, haien heriotza agiri ofizialik ez dagoelako erregistroetan.
Gerrillari modura, Barriolak bidegurutzeetan erasotzen zituen frantsesen korreoak eta bidalketak. Baserrietatik elikagaiak biltzen eta lapurtzen aritzen ziren soldaduak. Koltxoiak egiteko, artaburuen azalak ere zakuetan udaletxe aurrera eramatera behartu zituzten goierritarrak.
Robin Hood mitikoaren irudiko, lehen beraiek lapurtutakoa kentzen zien Barriolak frantsesei, bere mutilekin. Herritarrei itzuliko zien, egundoko miresmena lortu baitzuen Barriolak. Baina intsurrekzio hori ez zitzaion debalde atera. 1808ko azaroaren 28an, soldadu talde bat –17 fusilari, bi kabo eta sarjentu bat– Segurara joan zen, Urretxuko koartel nagusitik. Agirreburualde alkatea estu hartu zuten, Barriola non zegoen esanarazteko. Herrian sarraskia egiteko mehatxua ere egin zioten, bestela. Miguel Lardizabal gerrillariaren etxea ere miatu zuten.
Emaztea eraman, xantaiarako
Barriolaren emaztea, Maria Rosa Campos Pikasarri, eta 19 urteko alaba zaharrena Maria Francisca, atxilotuta Urretxura eraman zituzten soldadu frantsesek. Euskaraz besterik ez zekiten, eta galdeketara Agirreburualde alkatea eraman zuten. Alabak esan zuen aita ikusi gabe bi urte zeramala. Elikagaiak eta agiriak non zeuden galdetu zioten –Barriolak kendu zizkien seinale–.
Preso mantendu zuten Barriolaren alaba. Gaztea izan arren, ez zen ezkondu, oso ezohikoa garai hartan. Soldaduek emandako tratuagatik gizartean errefusatuta, agian? Maria Franciscak alaba bat izan zuen 1823an; aitaren izenik ez da ageri jaiotza erregistroan, eta bi abizenak bereak dauzka umeak.
Amu edo xantaia bezala erabili zuten Maria Francisca soldaduek, aitak bere burua entregarazteko. Aita, Barriola gerrillari ospetsua, 1808ko abenduan fusilatu zuten, Urretxuko koartelean.