Hamar urte beteko dira laster Ampo Ordiziak bere historiako lehen titulua irabazi zuenetik. Epikoa izan zen klubarentzat eta herriarentzat. Larunbatean orduko finalista El Salvador taldearen aurka neurtuko ditu indarrak Altamiran: irabazlea, Kopako finalera.
Asteburu ahaztezina. Gisa horretan laburbil daiteke Ampo Ordiziako jokalari, teknikari, zuzendaritzako kide, zale eta herritarrek 2012ko apirilaren 20tik 22ra bizitakoa. Ordiziako, Goierriko eta Euskal Herriko ehunka zale joan zen Palentziara Ordiziaren eta El Salvadorren arteko Espainiako Kopako finala ikustera, eta aho zapore gozoarekin itzuli ziren denak ere. Izan ere, balentria egin zuen Ampo Ordiziak La Balastera zelaian, maldan gora jarri zitzaion partida irauli, eta historiako lehen titulua lortu zuen Ordizia Rugby Elkartearentzat. Letra larriz idatzita geratuko da apirilaren 22ko lorpena». Hitz horiekin hasi zuen Goierriko Hitza egunkariko kazetariak garaipenaren kronika. Hamar urte igaro dira harrezkero. Mugarri garrantzitsua izan zen Ordizia Rugby Elkartearentzat eta Ordiziarentzat.
Olatu horren indarrak hurrengo denboraldian ere iraun zuen. Izan ere, bigarren titulu bat eskuratzea lortu zuten; Espainiako kopa bigarrenez, jarraian. Ametsa zirudien. «Ez zen kasualitatea izan, ondo egindako lanaren emaitza baizik. Bagenuen sendotasun bat, sentimendua, gogoa…», hasi da kontatzen Axio Araña, bi kopa haien artifizeetako bat izan zenak, hura baitzen taldearen entrenatzailea, akuilua.
Urteurren borobila izanik, eta final hura jokatu zuten bi taldeak bihar Altamira gotorlekuan jokatuko den Kopako finalerdietako partidan berriro ere aurrez aurre izango direla baliatuz, duela 10 urte bizitakoa ekartzeko data aproposa da. Egun haiek utzitako uneak, irudiak, sentipenak hain dira indartsuak, emozioz beteak… Finalderdiaren bezperan, zer hoberik, une haiek eskaini zizkiguten protagonisten ahotik jasotako hitzak ekartzea baino.
Egonkortzen ari zen taldea
«Ohorezko mailan bagenituen urte batzuk», jarraitu du Axio Arañak. «Taldea egonkortuta eta gorako bidean ikusten genuen. Ikasten joaten zara, fitxajeak egiten, taldea ari zen sendotasuna eta esperientzia hartzen, mutilak gizon egiten, eta ikusten genuen lehiatzeko taldea genuela. Etxetik kanpo ere aurpegia ematen genuen. Kopa irabaztea agian ez, baina ikusten zen zerbait egon bazegoela, eta hala sentitzen genuen!», osatu du.
Arañak esandakoarekin guztiz bat datoz urte haietako Ampo Ordiziako kapitaina ere, Joanes Aierbe. «Urte batzuetako prozesuaren emaitza izan zen. Ohorezko Mailan egonkortuta geunden, aurretik nahikoa miseria pasatu genituen, beti azkeneko partidan salbatuz eta abar. Baina Kopa irabazi aurreko urtean (2011), uste dut Ligako txapeldunorde gelditu ginela. Taldea egonkortua genuen. Fitxajeek ordura arte urtebete-edo irauten zuten. Denboraldi hartan, nahiko bloke sendoa geneukan eta zerbait polita lor zitekeela ikusten genuen, baina uste handirik gabe», gaineratu du Aierbek.
Aierberekin batera taldeko kapitaina zen Xabier Lermak gogoratu du 2005. urtean igo zela taldea Ohorezko Mailara. «2011 urtera arte, larri-larri mantentzen genuen maila, miseriak pasa genituen, urte hartan dena ondo atera bazen ere, ez genuen helburu bezala jarri kopa irabaztea», gogoratu du Lermak.
Urte batzuk lehenago iritsi zen Phil Huxford zeelanda berritarra. «2008 urtean iritsi nintzen Ordiziara, Jim Dixon entrenatzaileak deituta. Ingalaterran ezagutu nuen Dixon». Etorri berriarentzat «urte bikainak» izan ziren.
Asier Alvarez de Eulate harrobiko jokalaria mutil kozkor bat zen orduan, baina ederki oroitzen ditu garai haiek: «Kopa irabazi baino bi urte lehenago Sevillan ia-ia beheko mailara jaitsi ginen berriz. Aurrekoak, beraz ez ziren urte samurrak izan, baina ondorengoetan taldearen loraldia iritsi zen. Sevillakoaren ondoren, hurrengo denboraldian, bigarren egin genuen Ligan, eta hurrengoan, berriz, Kopa lortu genuen ». Alvarez de Eulate oraindik Ampo Ordiziako jokalaria da –300 partida baino gehiago– eta kopako hiru final jokatzeko aukera izan dezakeen bakarretakoa da.
Afizioa ere haiekin hazi zen
Afizioa bera ere taldearekin batera haziz joan zela gogoratu dute, eta hori ere «bultzada itzela» izan zela. «Ohituta geunden Trevijanon bakar-bakarrik jokatzera», esan du Arañak. «Baina pixkana aldea nabaritzen hasi zen, eta Altamirara pasatzearekin, berdin». Urtetik urtera, jendeak ere «ikusten zuen gai ginela maila horretan jokatzeko».
2012ko Kopako finalerdira iritsi zirenean ikaragarria izan zen. «Sumatu zen sekulako indarra zalegoaren aldetik. Ez geunden bakarrik, ikusi genuen sortu zen giroa, sentimendua…».
Finalaren asteburua iritsi zen, eta kirolari profesionalen antzera bizi izan zuten, hasieratik bukaerara. «Bezperatik joan ginen, hotelean lo egin Palentzian, entremendutxo bat egin, kontzentrazioa… Gogo berezia genuen kopa hori lortzeko», kontatu du Arañak.
Autobusak ere joan ziren Ordiziatik. 7.000 inguru pertsona sartzen ziren La Balastera zelaian. Erdiak Ampo Ordizia animatzera joan ziren. «Imaginatu nolako giroa zegoen, oso-oso hunkigarria da hainbeste urte eta gero hori guztia oroitzea», aitortu dute denek.
Partida aurreko minutuetan, aldagelan, jokalariei esan zienaren inguruan Arañari galdetuta, ez ditu hitz zehatzak gogoan, baina bai sentimenduei gorazarre egin ziela; «bihotzarekin joka zezatela eskatu nien!».
Finaleko bigarren zati hura
Finala ez zuten nahi bezala hasi. Ondo gogoan du Aierbe kapitainak: «Finala arraroa izan zen. Salvador talde historikoetako bat zen. Itxura on bat egiteko asmoarekin joan ginen. Gainera, sekulako jendetza joan zen Palentziara, eta sekulako egurra eman ziguten. Lehenengo 20 minutuetan hiru entsegu jaso genituen». Telebistatik ere jarraitu ahal izan zen partida. Ziur batek baino gehiagok nahiago izan zuela telebista itzali. Atsedenaldira, 8-21 iritsi ziren.
Aldageletan, partidaren bigarren erdiari aurre egiteko berriro ere zelaira atera aurretik, jokalariei zuzendutako hitzak ondo gogoratzen ditu Aierbek; «Behin honaino ailegatu, herri guztia hor, 3.000 jarraitzaile Palentziaraino etorri eta horrelako itxura eman behar al dugu? Aupa mutilak! Borroka pixka bat egin dezagun behintzat eta beste itxura bat eman dezagun!». Lermak ere hartu zuen hitza: «Gozatzeko unea zela esan nien». Alvarez de Eulatek ere ondo gogoratzen ditu une haiek, «nahiz eta ez irabazi, behintzat itxura ona emanda bukatu nahi genuen partida». Huxford-ek kontatu du «bigarren zatian lasaiago» zelairatu zela.
Eta badirudi, behar zuten botika jaso zutela. Markagailuan tartea mozten hasi ziren, 75. minutuan 27na berdindu, eta hortik aurrerako minutuak, eromena. Taldearen historian ahaztezin bihurtu ziren, betiko. «Sinesgaitza izan zen. Laino batean bezala geunden», dio batek. «Finala zentzu guztietatik izan zen polita», dio besteak. «Epikoa izan zen». Azkenean, hiru punturen aldearekin, 30-27 irabazi zuten ordiziarrek. Festa lehertu zen.
Bitartean, Ordizian, sekula imajinatuko ez zuketena gertatzen ari zen. Jendea kalera atera zen, festa giroa zen nagusi. Ordizia Rugby-ko elastikoak eta bufandak iskina guztietan. Herriko taldearen lorpena ospatu beharra zegoen, baita ordiziar izatea ere. Palentziara gerturatutako zaleak ere hasi ziren iristen. «Autobusean garagardo batzuk edanez eta txoroarena eginez gentozen, baina gerturatzen ari ginen heinean, Aitor Araña presidenteak esan zigun jendea zain zegoela Ordizian. Ez zela hainbesterainoko izango esaten genion», kontatu du Aierbek.
Herri osoa taldearen zain
Jende pixka bat espero zuten, baina ez aurkitu zutena. «Frai Andresera iritsi eta jendez gainezka zegoen, denak garrasika, kantuan,…». Aierbe eta Lerma izan ziren autobusetik jaisten lehenak. Bien artean kopa eutsiz zeharkatu zuten jendetza, plazaraino. Atzetik, gainontzeko taldekideak, poza eta sorpresa, biak aurpegietan. Heroien antzera hartu zituzten herrian.
Oraindik ere oilo ipurdia jartzen zaie garai hartako bideoak ikusita. «Seme-alabekin behin baino gehiagotan ikusi izan dut bideoa eta hunkigarria da bai. Plaza jendez beteta, autobusetik plazarainoko pasilloa, haka ere egin zuten Phillek eta Cory Simpsonek. Partida irabazteko modua… Dena oso epikoa izan zen !», esan du Lermak.
Huxford-ek ere atzo balitz bezala oroitzen du momentu hura. «Bat-batekoa izan zen, barru-barrutik atera zitzaigun une horretan haka egitea». Ampo Ordizian pasatako urteak eta esperientziak asko markatu dute zeelandaberritarra: «Pentsa! Ordizian segitzen dut eta hemen osatu dut familia».
Garai hartan ere urruti ikusten zuten, ia ezinezko, baina lortu zuten, eta orain, bat datoz esaterakoan «ikaragarria» izango litzatekeela hirugarren kopa bat lortzea. Urte hartan mutikoak ziren gaur egun Ampo Ordiziako jokalari diren Lander Mujika, Erlantz Garmendia, Aitor Olasagasti eta Alain Araña. Ilusioa handiarekin ari dira bizitzen momentu hau. «Oso polita izango litzateke Sevillako finala jokatu ahal izatea eta Kopa ekartzea». Lehen urratsa Altamiran eman beharko dute.
Bi Errege Kopa bata bestearen segidan
Ordizia Rugby Elkartearen urte gozoenak izan zirela esatea gutxi da. Bi Errege kopa irabazi zituzten: lehena 2011-2012 denboraldian; bigarrena, 2012-2013 denboraldian. Taldeak bakarrik ez, Ordiziak, ordiziarrek eta baita eskualde eta Gipuzkoa mailan ere, oso modu berezian bizi izan zen. Bi Kopak irabazi ondoren herrian egin zitzaizkien harrerek irudi ahaztezinak utzi zituzten. Ordiziako aginte makila jaso zuten udalaren eskutik, eta Gipuzkoako Foru Aldundian ere egin zieten harrera.
Finalerdiaren atarian
Duela 10 urte Ampo Ordiziak kopa irabazi zuenean gaztetxoak gaur egungo jokalari asko. Horietako laurek ilusioz bizi izan zuten lorpen hura eta gogotsu daude aukera berri baten aurrean.
(Erreportajea irakurtzeko klikatu argazkian)