Duela 10 urte Ampo Ordiziak kopa irabazi zuenean gaztetxoak gaur egungo jokalari asko. Horietako laurek ilusioz bizi izan zuten lorpen hura eta gogotsu daude aukera berri baten aurrean.
Erlantz Garmendia
«11 urte bete berriak nituen. 07:00ak aldera Arboleda jarraitzailez beteta zegoen, autobusak hartzeko. Iritsi eta izugarrizko festa izan zen. Lehenengo zatia desastre samarra izan zen, baina partidari buelta emateko aukera ikusten zen eta horrela izan zen, dropa sartuta 22tik.
Eta orain, 10 urte beranduago gu gaude lehenengo taldean. Gogotsu gaude finalerdia jokatzeko. Altamiran jokatzeko zortea izan dugu, eta ea aukera aprobetxatzen dugun. Ea egun perfektua ateratzen den. Sevillako finala izugarria izango litzateke».
Aitor Olasagasti
«13 urte nituen. Aita eta biok autobusean joan ginen, bandera eta bufandak hartu eta aurpegia margotuta. Oso herri giro ona izan zen. Guretzat jokalari haiek idoloak ziren orduan, eta oraindik ere bai. Jokalari horiek kalean ikusten ditudanean beti gogoratzen naiz egun haietaz. Itzulera ere izugarria izan zen. Pasilloa, pankartak, aurreskua… Gu hantxe geunden jende artean begira.
Orain errepikatzen saiatuko gara. Jendea lanean jai eskatuta dago eta indarra ematen digu horrek. Zaleek konfiantza daukatela esan nahi du».
Alain Araña
«Garai hartan aita [Aitor Araña] presidentea zen, osaba entrenatzailea… Nire familia guztia errugbi inguruan zebilen, eta ni ere bai. Jokalarien autobusean joan ginen finalera. 12 urte nituen. Itzulera festa bat izan zen. Aurrean eserita nindoan, atzera begiratu, eta han ikusten nituen jokalari guztiak oihuka pozik.
Orain finalerdia irabazteko aukera ikusten dugu, eta daukagun guztia emango dugu. Etxean jokatzea plus bat da. Talde guztia oso motibatuta gaude, eta Kawari omenaldia egiteko helburuarekin».
Lander Mujika
«Familia guztia joan ginen, bezperatik. 13 urte nituen. Palentziako plazan 50 bat neska-mutiko aritu ginen baloiarekin jolasean. Txikitan lehenengo taldeko jokalariak handiak eta indartsuak ziren guretzat, eta orain gu gaude talde horretan. Ilusioa egiten du.
Finalerdia etxean jokatzea garrantzitsua da. Etxean oso eroso aritzen gara eta zaleek beti laguntzen dute. Txaranga ere egongo omen da, jendetza etorriko dela dirudi. Sevillako finala ea hiru lehengusuok [Olasagasti Ordizian eta Xabi Martin Alcobendasen) jokatzen dugun».
Epikoa izan zen
Hamar urte beteko dira laster Ampo Ordiziak bere historiako lehen titulua irabazi zuenetik. Epikoa izan zen klubarentzat eta herriarentzat. Larunbatean orduko finalista El Salvador taldearen aurka neurtuko ditu indarrak Altamiran: irabazlea, Kopako finalera.
(Erreportajea irakurtzeko klikatu argazkian)