Gipuzkoako errepideko txirrindularitza txapelketa irabazi berri du Oneka Sanchez Galarragak (Beasain, 2005). Seguran jokatu zen txapelketa. Zatika taldeko txirrindulariak junior mailako bigarren postua eskuratu zuen, eta lehen gipuzkoarra izan zen.
Gipuzkoako txapelketa irabazi berri duzu. Lasterketa hasi aurretik espero al zenuen halakorik?
Banekien aukera neukala, baina antzeko mailako hainbat txirrindulari geunden. Txapela gure artean egongo zela banekien. Nik zortea aldeko izan nuen, eta egun ona ere bai.
Nolako lasterketa izan zen?
Lasterketa berezia izan zen; kadeteekin, gazteagoekin, batera lehiatu genuen. Proba nahiko azkarra izan zen. Erasoka aritu ginen ihesaldi bat sortu arte, baina, behin ihesaldian geundela, erritmoa asko mantsotu genuen eta tropelak harrapatu gintuen. Lierniako azken igoerara horrela iritsi ginen eta bertan erabaki zen lasterketa.
Juniorren artean bigarren postua eskuratu zenuen. Aurrenekoa gertu izan al zenuen?
Nire lehen helburua Saioa Organbide kontrolatzea zen, gerora lehen postua eskuratuko zuena. Euskaldun txapelketako lidergoa eskuratzeko aukera nuen, baina horretarako bere aurretik iritsi behar nuen helmugara. Lierniako igoeran ezin izan nion eutsi; lasterketa irabazi eta Euskaldun txapelketako lidertza eskuratu zuen. Halere, Gipuzkoako txapelarekin gustura nago.
Beasaingo Igartza proban ere parte hartu zenuen. Hura Espainiako Kopako lasterketa izan zen. Aldea nabarituko zenuen, ezta?
Bai, maila aldetik askoz handiagoa izan zen. Ibilbidea ere luzeagoa zen, eta igoera gehiagorekin. Oso gogorra egin zitzaidan. Hasieran, erritmoa hartzea kosta zitzaidan; gero, ordea, indartsu amaitu nuen. Gustura geratu nintzen.
Zatika taldeko kidea zara. Talde berria da. Zer moduzko giroa duzue?
Oso gustura nago. Talde bat baino gehiago familia bat da. Aurretik ere askok elkar ezagutzen genuen eta gainerakoak ondo integratu dira. Proiektu oso polita da.
Hurrengo helburuak zein izango dira?
Aste Santuan Espainiako txapelketa lehiatuko dut, pistako modalitatean. Helburutzat hori daukat, baina helburu nagusia denboraldi biribil bat egitea eta ikastea da. Junior mailako lehen urtea dut; lasterketetan ahal dudan guztia eginez disfrutatu nahiko nuke.