Bai, jakina, urkia bada arbola klase bat, baina beti al da horrela? Badakigu nolako arbola den urkia. Gehienok ezagutuko dugu, bestalde, Urkia abizeneko norbait. Gutxixeagok, seguruenez, Itsasondon dagoen Urkiako auzoa. Besterik ezean, hirurak elkarrekin lotzeko modukoak dirudite, eta lasai asko botako genuke honako hau: «Urkia abizenekoek Itsasondoko Urkian dute jatorria eta euren deitura hori han urkiak daudelako sortua da».
Leku izenak esplikatzeak, ordea, uste gabeko korapiloak ditu askotan eta kontuak ez dira hain sinpleak izaten; komeni da, hortaz, tentuz jokatzea. Nik ezagutzen ditudan urkiatar batzuen arbasoen xehetasunen berri izatean sortu zitzaidan zalantza. Urkia dira eurak, baita euren aurreko belaunaldietakoak… harik eta XVII. mendeko dokumentuetan, Seguran, Vicente Urquina izeneko bat azaltzen zaien arte; haren aita Antonio ere Urquina zen. Antzeko bitasuna ikusten dugu familiaren beste adar batzuetan ere: Idiazabalgo Joan Urquinaren bost alabetatik, adibidez, bi Urquina ziren, baina beste hirurak Urquia (XVII. mende hasierakoak denak).
Badakigu aurreneko adarrekoek Itsasondoko jatorria zutela, baina hango dokumentazioan ez dago urkinatar alerik ; denak dira urkiatarrak!
Pentsa liteke horrelako gorabeherak orduko eskribau eta apaizen utzikeria edota ezjakintasunetik etorriak direla. Izan ere, nahiz eta ia batere dokumentatu gabe egon, badakigu Astigarretan izan zela beste etxe bat Urkina izenekoa (Aramaion ere bai, beste bat) eta, hori horrela, kontuan izatekoa litzateke hango jatorrikoekin nahasteagatik etortzea okerbidea. Hartara bai, urkia (arbola) —edo Urkiaga, seguruago— izango litzateke esanahi edo jatorria.
Urbiaren bikotea, ‘Urbyna’ ere bai
Izan liteke hori, baina, xehetasunetan sartu behar izanez gero, normalean idazlariek arduraz jokatzen zutela ere esan behar, eta nik neronek beste esplikazio baten alde egingo nuke apustu. Jakina da aspaldiko euskaran leku izenen bukaeran bokal artean -n- baldin bazegoen, galtzeko joera izan ohi zuela: Lazkano > Lazkao, konparazio baterako. Bide beretik etortzeko modukoa zatekeen Urkina > Urkia ere. Urrutira gabe, Zumaiako Oikina/Oikia daukagu pare-parekoa. Eta Araban, makina bat: Okina/Okia, Arina/Aria, Zolina/Zolia, Gulina/Gulia, Markina/Markia…
Orduan, esanahiaren zalantza sortzen zaigu: zer da edo zer esan nahi zuen Urkina-k? Arabako herrien izenak aztertzen aritu den Patxi Salaberrik dio -ina atzizkia latinez norbaiten jabetza adierazteko erabili zen bezala, gurean ere baliatuko zela eta, hortaz, beraren aurretik doan Urk hori antroponimo batek utzitako ondorena genuke.
Urbia-rentzat ere balia daiteke azaldutakoa. Behin bakarrik bada ere (1418), bada dokumentuetan Urbyna, hots, gure gaurko Urkina/Urkia horren pare-parekoa osatzen dute biek.
Nolanahi ere, gauza guztien gainetik ez ahaztu hasierako gomendioa: toponimian, jakintza arlo guztietan bezalaxe, ez dago beste gabeko esplikazio errazik. Orain arte irakurritakoari begiratu, iritzi eta, zeuk ere, atera kontuak.