Ordiziako Oiangu parkeko basoaren azterkena egin du Aranzadi Zientzia Elkarteak, naturaren eta gizakiaren arteko orekaren bila. Kontserbazio lana egitea proposatzen dute adituek.
Ordiziak duen arnasgune bakarretako bat da Oiangu parkea. Arnasgune, eta naturgune preziatu ere bai; interes berezia duten basoak aurki daitezkeelako bertan. Hori nabarmendu du Aranzadi Zientzia Elkarteak, Oianguko basoaren azterketa egin eta gero. Bertan dauden zuhaitzek dituzten ezaugarriak aztertu dituzte; 400 bat zuhaitzenak, haritzak batik bat. «Eguzkitasunari buruzko datuak jaso ditugu, zuhaitzaren bizitasun-egoerari buruzkoak, bizirik dauden ala ez, koroaren zati bat galdu duen ala ez, poluzio-sintomak dituen ala ez, eta hilda daudenen kasuan, zutik dagoen, erorita dagoen, adarren egoera zein den…», azaldu du Aranzadi Zientzia Elkarteko Alberto de Castrok, egin duten lan handiaren arrastoak emanez. «Zuhaitz zahar bakarrak» direla ondorioztatu du, horregatik, «kontserbazio lana» egitea proposatzen dute.
Oiangukoak, «behar baino lehenago zahartu diren arbolak» direla baieztatu du De Castrok. «Zuhaitz zaharren ezaugarri horiek dituzte: irregulartasun asko dituzte, azal oso emankorrak, flora eta fauna asko bizi daitezkeenak, animalia-espezie asko dituzten barrunbeak dituzte, onddo-landareenak, eta handiagoak direnez, azalera handiagoa dute bizia hartzeko». Gainera, «landareak eta likenak ere badituzte, epifito izenekoak, hau da, zuhaitzaren azalean bizia dago, eta horrek biodibertsitate handiagoa erakartzen du». Landare horiek daudenez, «badira haietaz elikatzen diren animaliak, badira haietan babesten diren beste organismo batzuk ere». Egur hil ugari ere badute, zuhaitz gazteek ez dutena. Eta hildako egur horretaz elikatzen diren onddoak. Eta hori ere garrantzitsua da. Hilik dauden edo diruditen arboletan ere, bizia dago, eta hor dago hain zuzen ere zuhaitz zahar hauek babestearen garrantzia.
Ez dute ordezkorik
Oiangun dauden zuhaitz zahar horiek «ez dute ordezkorik», eta hori, «arazo bat» dela dio De Castrok. «Zuhaitz zaharrak ez dira ordezkatzen ari, eta eremuaren biziraupenerako baliagarria litzateke hori». Aranzadik proposatzen du, «zuhaitz berriak landatu, eta zuhaitz autoktonoak hazten joan daitezen espezie exotikoak ezabatzea, dauden zuhaitz gazteei heltzeko denbora emateko». Zuhaitz zaharrekin, berriz, mantentze plan bat proposatzen du; «zuhaitz zahar horien bizitza ahalik eta gehien luzatzeko».
Oiangu parkean sartu eta ezkerraldeko luzera guztian kokatzen den zuhaiztiaz gain, Altamirako putzu inguruan dagoen basoaz ere jardun du. «Hori bai, hori bai da basoa», adierazi du De Castrok. Bertan aurki daitekeena, «40-45 urteko basoa da, modu naturalean, ukitu gabe hazitakoa, eta bertan aurki daitezke zuhaitz oso gazteak, ez dira handiak, baina goragoko aldean baino askoz ere aniztasun handiagoa aurki daiteke bertan, ez delako haritza soilik, mota desberdinetako zuhaitzak daude».
Oianguko harizti zaharrean gertatzen denaren kontra, «baso zahar natural batean guztia elkarrekin egongo» litzatekeela esaten du Aranzadiko kideak: «Putzuaren inguruko basoan falta dena da zuhaitz zaharrak egotea. Dena den, eremu bakoitzak balio desberdin bat du, bi eremuak elkarren osagarri dira eta horrek ere, badu bere garrantzia».
Haritz zahar horiek, gaur egun, bitxikeria bat dira. Eta aberastasun bat dute. Aranzadik eman berri duen lanak erakusten duenez, garai batean mendi eta bailaretan zeuden haritz-multzorik ia ez da geratzen. Eta baso horiei lotutako fauna, eta bereziki haritz zaharrenei eta haien enborren barrualdeari lotutakoa, onddoek poliki-poliki degradatua, desagertzeko arrisku larrian dago.
Udalaren esku-hartzea
Horregatik da hain garrantzitsua haritz zahartuen eremu horiek kontserbatzea, gaur egungo aleak kontserbatzea eta etorkizunean horien presentzia aurreikustea. Baina, aldi berean, parke publiko bat da Oiangu, eta zuhaiztiak segurua izan behar du erabiltzaileentzat. Bi helburu horiek onartu eta bateragarri egiteko konpromisoa hartu du Ordiziako Udalak. Zeregin horretan Kimu Bat enpresaren laguntza izango du.
Hala, haritz zahar bakoitza ondo identifikatu dute, kokapen eta zenbaki zehatzekin, ondo jakiteko zer zuhaitz den, eta haren bilakaeraren, jardueren eta abarren jarraipena egiteko. Hala, Kimu Batek, haritz zahar bakoitzaren eta garapen handieneko haritz amerikar batzuen GPS posizionamendua egin du, eta plano batzuetan jaso.
Berezia da Oiangu, naturak eta gizakiek elkarbanatzen duten espazioa baita. Biak zaindu eta batak bestearekin talka egin ez dezaten, esku-hartuko da. Adibidez, kimaketa lanak egin dituzte. Guztira 14 zuhaitz kimatu dituzte, guztiak haritzak. «Segurtasunagatik», zehaztu du Maitane Alvarez, Ordiziako alkateordeak. «Zuhaiztiaren azterketan ondorioztatu da hainbat zuhaitz ez zeudela egoera onean, eta gainera arriskutsuak zirela. Altuera handia hartu dute, baina oinarria ez dute egonkorra, usteltze fasean dago», gaineratu du.
Natura eta gizakia. Kontserbazioa eta segurtasuna. Bien arteko oreka izango da giltza.
Praktikara jauzia natur eskolaren bidez
Oiangu parkea, fauna eta floraren bizitoki berezi den eremu hori, ikasgela bihurtuko dute beste urtebetez, Oiangu Natur Eskola laster jarriko baitute martxan. Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek Urdanetako eta Jakintzako ikasleekin lan egiteko aukera izango dute berriro.
Funtzionamendua orain artekoaren berbera izango da: Ordiziako ikastetxeetako haurrak Oiangura igoko dira Aranzadiko begiraleen gidaritzapean, eta bertan egun osoa irauten duten jarduerak egingo dituzte, jolas librerako astia ere utziz. Jarduerak jolas eta tailerretan oinarritzen dituzte, eta ikasleak beraiek izaten dira Oianguko bitxikeria eta natur altxorrak deskubritzearen protagonistak.
Ikasgela barruko teoriatik praktikara jauzia egiteko espazioa izango da Natur Eskola.