Planeta argitaletxea atzetik izatea gauza handia da idazleentzat. Maite R . Otxotorenaren kasua da (Donostia, 1970). Hainbat lan bere kabuz argitaratu eta gero, ‘La mensajera del bosque’ nobelak etxe handi horren interesa piztu zuen. Sakelako edizioa atera berritan, hurrengo eleberria noiz kaleratu zain dago.
Zer ezkutatzen da R hizkiaren atzean?
Ez dago ezer, Rodriguez abizena da. Nire ama Isabeli nabarmentasun handiagoa eman nahi nion, eta Rodriguez ahozkatzea saihestu nahi nuen, trabatu egiten naizelako. Gainera Otxotorena ez da hain arrunta, eta euskalduna da. Baina Rodriguez ez nuen erabat ezabatu nahi, eta R hizkiarekin geratu naiz.
Ormaiztegin bizi zara orain.
Bai. Duela bost-bat urte etorri nintzen, hemengoa den Jon nire bikotearengana. Asko mugitu naiz Ormaiztegira iritsi aurretik. Haurtzaroa eta gaztaroa Donostian egin nituen, eta gero, bizitzak hala eramanda, Harora (Errioxa) joan nintzen. Lan kontuak tarteko, Gasteizera ondoren, Madrilera ere bai… Eta Harora itzuli nintzen azkenean, 44 urterekin. Orduan eman nuen idazle izateko pausoa.
Zergatik orduan?
Beti idatzi izan dut, eta txikitan beti esaten nuen idazle izan nahi nuela. Haroko bigarren egonaldian iritsi zen unea, eta erabakia orduan hartu nuen.
Baina idazle izatera iritsi aurretik, egin dituzu gauza gehiago.
Idaztearekin lotutako zerbait ikasteko gogoa nuen, baina orduan ez zegoen orain bezala literatur tailerrik edo unibertsitate ikasketik. Gainera, idaztea ez zegoen ondo ikusia, musika bezala. «Horretaz nola biziko zara?» eta horrelakoak galdetzen zizkizun jendeak, baita nire gurasoek ere. Horregatik, Zuzenbidea ikasten hasi nintzen, baina utzi egin nuen, hura ez zelako niretzat. Nik oso argi nuen zer izan nahi nuen, baina ez nintzen planteatzera ere ausartzen, eragiten zuen gutxiespenagatik.
Zer egin zenuen karrera utzitakoan?
Andoaingo Zine eta Bideo Eskolaz jakin nuen, eta zinema, istorioak kontatzea eta sormena lotura egin nuen neure buruan, eta aurrera egin nuen. Gero konturatu nintzen hura ez zela nik pentsatutakoa, ikasketa haiek ez zeudela zinemaren munduari begira, handik gehiago ateratzen zirelako telebistarako kamerariak, soinu eta argiztapen teknikariak, errealizadoreak… Baina asko ikasi nuen, gidoiak egiten erakusten zutelako, eta gidoiak istorioak kontatzeko modu bat dira. Zentzu horretan ondo etorri zitzaidan.
Bideojokoen munduan sartu zinen.
Eskola amaitutakoan, zer egin ez nekiela, bideojokoak egiten zuen talde batekin egin nuen topo. Nik marraztu ere egiten nuenez, grafista eta gidoilari gisa lan egiteko eskatu zidaten. Abentura kutsuko bideojokoak egiten zituzten, eta horrek gidoi bat eskatzen du, pertsonaia guztiak sortu, gertatzen den guztia… Kontua da interesatu zitzaidala, oso bitxia iruditu zitzaidala, eta probatzea erabaki nuen. 1990eko hamarkadaren hasiera zen, orduan ari zen mundu hura hasten. Zazpi urte egin nituen taldean, eta Madrilgo Dinamic Multimedia eta Bartzelonako Gaelco enpresentzako lan egin genuen.
Bideojokoena gizonezkoen mundua dela esan ohi da. Hala da?
Ni orduan ez nintzen kontziente izan, baina sektore horretan lan egin zuen lehenetako emakumea izan nintzen.
Zein bideojoko egin zenuen?
Biomechanical Toy. Grafikoak garatu eta gidoia egin nuen bideojoko hartarako. Gero Dinamic Multimendia enpresarentzat lanean hasi ginen, beste proiektu bat garatzen, baina hiru urte eta gero enpresa hura itxi egin zuten eta ezer gabe geratu ginen.
«44 urterekin eman nuen idazle izateko pausoa. Beti idatzi izan dut, eta txikitan beti esaten nuen idazle izan nahi nuela»
«Ni orduan ez nintzen kontziente izan, baina bideojokoen sektorean lan egin zuen lehenetako emakumea izan nintzen»
Beste lan batean hasi zinen orduan?
Taldekook pelikulak saltzen hasi ginen, DVDn grabatutakoak, on line. Hura ere gauza berria zen, jendeak oso mesfidati hartu zuen, eta oso zaila izan zen. Horregatik proiektua ez zen ondo atera. Gainera, ni garai hartan oso gaizki ari nintzen pasatzen maila pertsonalean, harreman toxiko baten erruz, eta besterik aurkitu ez, eta komertzial lanetan hasi nintzen, telefonia alorrean lehenik eta bideozaintzarako kameren enpresa batean gero. Hura garai iluna izan zen niretzat, baina orduan mamitu nuen lehen eleberria, El secreto de la Belle Nuit.
Idazle bihurtu zinen azkenik.
Bai! Hura ‘Nahikoa da!’ esatea bezala izan zen. Beti izan nahi nuen idazle, eta neure buruari gai nintzela erakusteko garaia iritsi zen, eta, aldi berean, ni suntsitzen ari zen egoera hartaz ihes egiteko garaia ere bai. Askapena izan zen niretzat liburua idaztea eta kaleratzea, eta istorio bat hasieratik bukaerara arte idazteko gai nintzela erakustea.
Komertziala zinenean idatzi al zenuen?
Ez! Aurretik idatzita nuen, eta lau urtez kajoi batean gordeta izan nuen. Komertziala nintzela ezin nuen ezer idatzi, lanak sormen zantzu txikiena ere eragozten zidan, hain da absorbatzailea… Ez nuen idazteko denborarik ezta indarrik ere. Komertzial bezala ona nintzen, baina ez zitzaidan gustatzen, eta oso zorigaiztokoa nintzen. Hala ere, lau urte egin nituen hala! Azkenean bota egin ninduten, eta orduan erabaki nuen liburua argitaratzea.
Zein izan zen prozesua?
Bartzelonako argitaletxe batera bidali nuen, eta gustatu eta argitaratzea erabaki zuten. 500 ale inprimatu zituzten, ez zen asko, baina idazle ezezaguna izateko ez zegoen gaizki. Baina krisia etorri zen, eta argitaletxea itxi egin zuten. Orduan, 500 liburu haiei irteera emateko, komertzial izandakoan ikasitakoa baliatuz, banan bana saltzen hasi nintzen argitaletxekoekin adostuta.
Banan bana?
Bai. Orduan Haron bizi nintzen berriz, eta kotxea hartu, liburuak orga batean sartu, eta Gasteizera joaten nintzen adibidez. Kalez kale ibiltzen nintzen, negozioz negozio: arropa dendak, ile apaindegiak, tabernak… Nire burua idazle bezala ezagutzera eman nahi nuen, eta liburuak saldu. Jendea harrituta geratzen zen nire proposamenarekin, baina nik kontatzen niena entzuteko prest egoten ziren gehienak, eta saldu nituen. Haiek izan ziren nire lehen irakurleak.
Emaitza onak lortu zenituen, beraz.
Bai, eta haren ondoren atera nuen bigarren zatia, La sombra de Fourneau, eta hirugarrena ere bai, laugarren liburua gero… Eta orduan, Amazon aurkitu nuen.
Amazonen ere saltzen zenituen liburuak?
Oso erraza zela ikusi nuen, dena erraztasunak dira. Zure testuak igotzen dituzu, azala ere bai… eta dena egiten dizute. Zuk zure nobela argitaratzen duzu, eta haien liburu sarean sartzen dute, eta gero zure lana da promozioa egitea, batez ere sare sozialetan, jendea zu eta zure lana ezagutzen has dadin. Ordura arte nituen liburu guztiak sartu nituen Amazonen, paperean eta e-book formatuan, eta ateratzen joan nintzen guztiak ere bai. Donde habita el miedo idatzi nuen garai hartan, eta harekin arrakasta izan nuen eta literatur munduan ni ezagutzen hasi ziren. Ondoren La mensajera del bosque idatzi nuen.
Liburu horrekin salto handia eman zenuen.
Ordurako Editabundo literatur agentziak nigan begiak jarrita zituen. Nire ibilbidearen berri zuten, eta liburu bat bidaltzeko eskatu zidaten, nire agenteak izan nahi zutelako. La mensajera bidali nien, eta ikaragarri gustatu zitzaien. Kontratua sinatu nuen, eta haien bitartez lortu nuen Planeta etxearekin argitaratzea.
Planeta, besterik ez.
Pauso bat gehiago izan da. Zure liburuak Amazonen edukitzea handia da, unibertso bat delako, baina horrelako argitaletxe batekin edozein liburudendan daude. Oraindik ezin dut sinetsi!
«500 liburu haiei irteera emateko, komertzial izandakoan ikasitakoa baliatuz, banan bana saltzen hasi nintzen»
«Beste nobela bat dut amaituta orain, eta Planetaren eskuetan dago. Ea gustatzen zaien. Oso istorio indartsua da»
Orain arte liburuak saltzeaz hitz egin duzu. Eta idazteaz? Noiz hasi zinen?
Txikitan hasi nintzen. Kontakizun laburrak idazten nituen… 10 urterekin koaderno handi bat erosi nuen, eta abenturaz bete nuen. Errelato laburrak idatzi nituen, nobela bat ere bai, dena eskuz. Asko idazten nuen, eta asko marrazten nuen. Nire bi pasioak ziren, baita istorioak kontatzea ere. Eskolatik etxerako bidean ipuinak kontatzen nizkien lagunei, asmatu ahala, lagun haiek protagonizatutakoak. Imajinazio handia nuen, eta hura zen munduarekin komunikatzeko nire modua, sentitzen nuena adierazteko modua.
Proiektu seriogoei heldu zenien gero.
Bai, eta El secreto de la Belle Nuit idatzi nuen, 2015ean. Artikulu bat irakurri nuen pederastiari buruz, eta aldi berean Frantziako Iraultzari buruzko beste bat. Biak elkartu, eta istorio bat osatzen joan nintzen. Nire eleberri guztiek mezu bat dute atzean, eta kasu hartan pederastia zen. Dokumentazio lan handia egin behar izan nuen, historiarekin ahalik eta fidelena izateko eta kontatzen nuen guztia sinesgarria izateko. Lan asko egin nuen, baina aldi berean zoragarria eta pasio handikoa izan zen.
Pasio hori ez duzu galdu.
Ez. Orduz gero beste hainbat eleberri idatzi ditut, eta azkenarekin, La mensajera-rekin, oso pozik nago. Planetaren bultzadari esker, oraintxe atera dugu sakelako edizioa, eta oso ondo funtzionatzen ari da.
Liburu guztiek mezu bat dutela diozu. Zein da ‘La mensajera’-rena?
Naturaren aldeko laguntza eskaera bat da. Gure mundua zaindu behar dugu, gure etxea da eta ez dugu gehiagorik. Ingurunea gehiago errespetatu behar dugu.
Zer ari zara idazten orain?
Beste nobela bat dut amaituta, eta Planetaren eskuetan dago. Ea gustatzen zaien. Oso istorio indartsua da. Ezin dut asko aurreratu, bakarrik esango dut Antartidan gertatzen dela, eta thriller bat dela, La mensajera bezala. Fantasia puntu bat du, hori delako gai batzuetaz hitz egiteko nire era, gauzak modu intentsoagoan trasmititzeko modua.
Beste thriller bat. Misterioa eta beldurra dituzu gogoko?
Bai, ikaragarri! Agatha Christye, Alejandro Dumas, Edgar Alan Poe edo Stephen King oso gustuko ditut. Estilo eta genero desberdinetakoak dira guztiak, baina misterioa dute komunean, eta hori asko gustatzen zait. Egunen batean nobela historikoa idatziko banu ere, ziur misterioa ere erantsiko niola.
Azkenean lortu duzu idazle izatea.
Bai, eta hori da orain nire lanbide bakarra. Oso zaila da honetaz bizitzea, baina saiatzen ari naiz eta jarraituko dut, ilusio handia dut lortu dudalako.
Ormakioko asteburu eta uda haiek
Donostian, Gasteizen, Madrilen eta Haron bizitzen egon eta gero, herri txikiago batera etorria da Maite R. Otxotorena, Ormaiztegira, baina horrelako toki txikietan eta natura gertu dutenetan ondo moldatzen dela dio, «hala hazi naiz ni». Izan ere, txikitan eta gaztetan, Donostian bizi arren, mendian igarotzen zuen denbora asko. «Legazpira joaten ginen asteburuetan eta udan, Brinkolako txabola batera». Irribarre bat marrazten zaio aurpegian Maiteri garai haietaz hitz egitean. «Hasieran Peña familiaren txabolara joaten ginen, Brinkolazar baserritik gertu, baina hura aldapez inguratuta zegoen, eta aitak mendian gora egin zuen, Ormakioraino. Han, lursail bat eta txabola bat erosi zituen beste familia batekin batera. Hasieran denok txabola horretara joaten ginen, baina gero aitak berea eraiki zuen lursailaren beste muturrean. Hura gurea izan da, duela gutxira arte».
Abentura kutsua zuten egonaldi haiek. Donostiatik kotxean etorri, Brinkolan pabilioi batean gordeta zuten Land Rover bat hartu eta mendian gora joaten ziren, askotan bideko baserri batean butano bonbona hartzeko geratuz. Brinkolan oraindik gogoan dute familia hura, ‘Donostiarrak’ bezala ezagutzen zituzten: Luis Rodriguez, Isabel Otxotorena eta haien seme-alabak.
Maite oso eskertuta dago aitarekin, mendian naturarekin kontaktuan bizitzeko aukera eman ziolako, berari eta anaia-arrebei. Aitari eskaini dio, hain zuzen, izadia protagonista duen La mensajera del bosque liburua.
Garai hartan ikasi zuen Maitek natura maitatzen, eta bizi den lekutik oso gertu duen arren, etxe ondo-ondoraino eramaten saiatzen da. Horregatik du lorez beteta eta hain ederki zainduta etxe aurreko loratokia; iaz Ormaiztegiko Udalaren saria ere irabazi zuen.
Mendira ere asko joaten da, txakurra lagun duela, eta udako oporretarako Pirinio inguruak ditu gustuko bikoteak. Furgonetan joan ohi izan dira bazter haiekin gozatzera.