Aramako Urretabizkaia haztegian lau hamarkada daramatzatze lore eta landare hazkuntzan eta salmentan. Apiril bukaera-maiatz hasiera baliatzen dute bezero gehienek apaingarri koloretsu hauek etxean landatzeko.
Maria Dolores Mendizabalen senar eta Maria Rosario Urretabizkaiaren anaia zena, Martin Urretabizkaia, izan zen Aramako Agarre baserri-jaiotetxean lore eta landare haztegi bat jartzeko urratsa egin zuena. «Nik 45 urte badaramatzat hemen, eta ordurako Martinek bazituen bi berotegi txiki krabelinekin», gogoratu du Mendizabalek; Urretabizkaiak, ondotik, honakoa: «Martinek horrelako muntaia bat nahi zuen, berotegia egin nahi zuen, etorkizuna ikusten baitzion klima aldaketarengatik-eta». Hasierako berotegi haiek tuneletakoak ziren.
Gerora plastikozko berotegiak jarri zituzten, baina kazkabarra, haizea eta elurra zela, «oso postura txarrean» ibili behar izaten zutela dio Mendizabalek, eta orain dela 30 bat urte egungo haztegia eraikitzea erabaki zuten. «Martin eta biok ibiltzen ginen hemen, koinata ere bai, seme-alabak ere bai… Martin hil zenean, Haritzek, seme zaharrenak, urte batzuetan segitu zuen, inbertsio handiak eginda baikeunden». Urte haietan ia egunero ateratzen ziren feriara; orain Ordiziakora bakarrik joaten dira astero, eta gero etxean ematen diete arreta bezeroei. «Eta urtean dozena erdi bat feria berezitara joaten gara, azkena Segurara. Oso ondo saldu genuen». Feria horietara joateko Asier Muñagorri suhiaren laguntza izaten du Mendizabalek, besteak beste.
Susperraldia noiz iritsiko
Ordiziako plazan salmenta bolada «baju samarra» daramatela azaldu du Mendizabalek: «Pentsatzen dugu suspertuko dela, baina kostatzen ari zaio. Orain jendearen erdia ibiltzen da plazan». Muñagorrik honakoa gehitu du: «Ikusten da loreak zeinek erosten dituen. Gazteek gutxi. Hona ere etortzen dira, baina gazteak ez dira asko. Ikusi besterik ez dago gazte jendea bizi den etxeetan zenbatek dauzkaten loreak!». Asteroko feria gehiagotara ez joateko erabakia haiena da, «etxetik poliki» lan egiten duela baitio Mendizabalek: «Urte asko daramatzagu honetan, eta jendeak ezagutzen gaitu. Etxera etorriz gero beti dago aukera gehiago. Jendeari erraztasunak eman behar zaizkio».
Bezeroen lorontzietan landaketak haztegian bertan egitea da eskaintzen duten zerbitzuetako bat: «Urte batzuk izan ditugu landaketarako izugarriak. Jendeak lorontziak ekarri, lurrak eta denak aldatu, bitaminak-eta ondo jarri… Bezeroak gehiago ordaindu behar du noski, baina asko eskertzen du», zehaztu du Urretabizkaiak. Etxerako zerbitzua ere ematen dute, Muñagorrik azaldu duenez: «Makina bat etxetan izan gara lorontziak eramaten! Azkenean zerbitzu bat gehiago da. Guk dena egin, etxera eraman eta bere tokian jarri gainera».
Bezeroa landare berezien bila
Mendizabalek adierazi duenez, geranioak eta huntzak izan dira «urtetan eta urtetan oso ondo saldu» direnak Goierrin, baina hori aldatzen ari da: «Mozorrok erraz jotzen dituen landareak dira, eta orduan bada… Orain, diplademiak saltzen dira asko, begonia altu bat ere landare oso jatorra da, iraupen handikoa da, kaktusen familiako batzuek ere arrakasta handia izan zuten Seguran…». Urretabizkaiak gaineratu du kaktus mota horietakoak landare «oso gogorrak» direla. «Murko batean jarri eta urtetarako dauzkazu! Ur gutxi behar dute gainera, eta horrek ere laguntzen duela uste dut». Muñagorrik nabarmendu du Segurako lore eta landare azokan «lore bereziak» erosi zituela jendeak: kaktusak, krabelinak… Erosketa ohitura horren aldaketa zaintza kontuekin lotuta egon daitekeen galdetuta, ez dute ezetzik esaten Aramako Agarrekoek. «Landarea jarri bai, baina gero kasu egin behar zaie. Ura eman, botikak ere bai tarteka…».
Eta berriz ere bezeroen profila atera da mahai gainera. «Jende gaztea urtero etorriko zaizu berriak erostera, baina adin batetik aurrerakoek kasu egiten diete oraindik loreei», azaldu du Mendizabalek. Urretabizkaiak, umore finez, honakoa: «Gazteek galdetzen dutenean loreak nola zaintzen diren, amonarik ba ote duten galdetzen diet nik. Amonek-eta ez zuten urtero landarea erosten, adarretatik ateratzen zuten dena».
Denboraldi betea hasteko zain
Urretabizkaia lore eta landare haztegia ez zegoen bete-bete eginda erreportaje hau egiteko garaian –martxoaren 31–, baina apiril azkenerako-maiatz hasierarako egoera bestelakoa izango da oso. «Hau dena lorez beteta edukiko dugu. Huntzetan igoal egongo dira zortzi kolore diferente, geranioetan ere zeresanik ez… Orain arte banaka batzuk etorri zaizkigu, baina Aste Santuaren ondoren, dena asentatzen denean, orduan hasiko da. Gu behintzat saiatzen gara aukera eta genero ona edukitzen». Landareak Carcartik (Nafarroa) ekartzen dizkiete azkeneko urte askoan.
Maria Dolores Mendizabal adin batera iritsia da dagoeneko, eta etxekoen laguntza badu ere, bera da negozioaren titularra. «Bizitza osoa honetan ohituta, mina ematen dit atea ixtea. Jendearekiko hartuemana oso polita, eta utziz gero denak falta! Ordiziara ere gustura joaten naiz asteazkenero. Osasunak laguntzen duen bitartean segituko dut!».
Kontuan hartzekoak
Lore edo landareren bat erosterakoan kontuan hartu beharrekoak.
- Orientazioa. Lore edo landarea non jarri behar den pentsatu. Egun guztikoa eguzkia, goizezko eguzkia, egun guztiko itzala… Horren arabera aukeratu behar da.
- Goizeko eguzkia. Uda-udan edozein lorek berez nahikoa du goizeko eguzkia (diplademia, begonia, geranioa, huntzak…).
- Egun guztiko eguzkia. Eguzkiloreen familiakoek, kaktusek, geranio txinatarrek, astromeliak… ondo eusten diote.
- Ureztatzea. Jendeak ur asko botatzeko ohitura txarra dauka. Ur asko botaz gero, sustraiak usteldu egiten dira. Behatza lurretan sartu, eta segituan antzematen da hezetasunik baduen ala ez. Ureztatzean, hobe barrenetik bota goenetik baino.
- Barruko landareak. Behin berogailua kendutakoan, etxeko barruko landareak hamar egunean behin nahikoa du ura. Barruko landareek argitasuna behar dute.