Ernai ezker abertzaleko gazte antolakundeak Gazte Martxa antolatu du Aste Santurako. Apirilaren 14an Zugarramurditik abiatu eta Elizondo izango dute helmuga hilaren 16an, Nafarroan. Hurrengo egunean, autobusez Iruñera joan eta Aberri Eguna ospatuko dute. Goierritik ere Gazte Martxara autobusez joateko aukera egongo da.
Bostehun eta zutik! lelopean itzuliko da Ernairen Gazte Martxa. Amaiurko gazteluaren setioak 500 urte beteko dituelako erabiliko dute leloa. Gainera, arrazoi beragatik, Baztan inguruan egin nahi izan dute ekitaldia. Aste Santuko jai egunak baliatuz, apirilaren 14tik 16ra, Zugarramurditik Elizondora bitarteko ibilbidea osatuko dute gazteek.
Kizkitza Ormaetxea Goierriko Ernaiko kideak Gazte Martxaren garrantzia nabarmendu du: «Bilerak eta antzeko ekitaldiak astunak izan daitezke. Gazte Martxak, ordea, festa giroa sortzeko aukera ematen du. Giro horretan, harreman berriak egin, harremanak sendotu eta kide berriak erakartzeko aukera dago». Gainera, aurtengoa berezia izango da, pandemiaren osteko lehen Gazte Martxa izango baita: «Gazte independentisten topalekua izan ohi da udaberriko ekitaldia. Aurten, bi urteko geldialdiaren ostean, berriro elkartzeko unea izango da».
Apirilaren 14tik 16ra Zugarramurditik Elizondora bitarteko ibilbidea osatuko dute gazteek
Apirilaren 14an, Ostegun Santuan, ekingo diote ibilbideari. Zugarramurditik Erratzura joango dira, eta bertan kontzertuak egongo dira. Ostiralean, Erratzutik Elizondorako bidea osatuko dute eta bi gau igaroko dituzte bertan. Kontzertuez gain, zenbait tailer eta hitzaldi politiko antolatuko dituzte Elizondon. Azkenik, igandean, apirilaren 17an, Iruñera joango dira autobusez, han Aberri Eguna ospatzeko.
Goierritik autobusa
Goierritik Zugarramurdira autobusa abiatuko da apirilaren 14an, goizeko zazpi eta erdietan. Ostera, apirilaren 17an, Iruñetik itzultzeko ere autobus zerbitzua egongo da. Izena Lazkaoko zein Ordiziako Herriko Tabernetan eta Beasaingo Arranon eman daiteke.
Gazte Martxak eskaintza musikala eta politikoa uztartzen ditu mendi martxarekin batera. Bertan arituko dira, besteak beste, Sua, Dupla, Hieskide, McOnak edota Skakeitan bezalako taldeak. Beste talde batek, Ibil Bedi nafarrak egin du, Lil Buruleunekin batera, martxako kantua: Poesia bat. Gainera, Ibil Bedi taldeak ere kontzertua emango du, zehazki, apirilaren 16an, Elizondon.