Baso ustiapen neurri gabearen aztarna da Lizarrusti inguruan gaur egun oinezkoen ibiltoki atsegin den bidea. XX. mendearen bigarren harmakadan, trenbide txiki bat ireki zuten Lizarrusti mendate gainetik Lareo ingururaino, hango pago zuhaitzak industri erabilerarako ateratzeko.
Quifosa lantegia zegoen baso ustiapen eta trenbide azpiegitura haren atzean. Elkorri sakonean, Lizarrustitik beste alderako jaitsieran, Etxarri Aranazko partean jada, Jose Martin Arana Arregi beasaindarrak (1846-1921) eraiki zuen Quimica Forestal SA. Zerrategia izan zen lehenbizi, eta alkohola egiteko fabrika bihurtu zuen gero. Azido azetikoa ateratzen zuten, pago egurra destilatuta. Aranak tinta fabrika zeukan Beasainen, XIX. mendearen azken aldera jarria, XXI. menderaino iritsi zena, Hunolt izenarekin.
Akerretako tunela, ikurra
Zuhaitzak garraiatzeko, tren txiki batentzat bidea ireki zuten, Lizarrustitik Lareora. Akerreta deritzon parajean, harkaitzean tunel bat zulatu behar izan zuten, eta gaur egun oinezko bidearen ezaugarri ezagunenetako bat da. 1916an zulatu zuten tunela, eta trena 1917an hasi zen zerbitzua ematen.
Lizarrusti, Alleko eta Akaitz inguruetan baso ustiapena azkartu zuen. Lehentxeagora arte, toki apartatua eta isolatu samarra zen, basoaren ustiaketa komertziala atzerarazi zutenak. Lizarrustiko errepidea 1882tik 1885era eraiki zuten, eta 1917an trenbidea hara lotu zuten.
Lehenago, ikazkintzarako bidea izan zen. Hiru kilometro inguruko luzera du trenbide zaharraren trazatuak. Lizarrustin 621 metroko garaieran abiatzen da, eta Maizegi errekaraino –Lareoko urtegiaren barrenean– 660 metroraino soilik igotzen da.