Irati Goikoetxea Asurabarrena • Idazlea
Festa. Ezer ez eta asko. Gozoki bat; zupa eta zupa irentsi nahi horretan plazera irentsi aurretik ematen dizuna. Eta gero-gerokoak. Izan daiteke lebitazioa. Izan daiteke desoreka. Izan daiteke «Zergatik zulatzen didazu zilborra?». Izan daiteke hori: zulo bat zilborrean.
Idazleak egiten duena biluzik eskaintzen duenean, bere burua nahierara janzteko aukera du irakurleak. Nekez ederragorik. Balio erantzia aforismo liburua argitaratu berri du Ekaitz Goikoetxeak Balea Zuria argitaletxearen eskutik. Han eta hemen lo orduak lapurtzen ari da honezkero. Opari bat da. Bildukirik gabea. Eta, hala ere, sorpresa eta ezustez betea. Begiak hori baitu on, halako liburuekin ikusten ez dena ere ikusteko gaitasuna duela horretarako aukera ematen bazaio.
Liburuaren hitzaurrean Felipe Juaristik dio Ekaitzek hitza jartzen duela jokoan, baina ez dela hitz-joko hutsean gelditzen. Ekaitzek hizkuntzaren lauak eta koskak ezagutzen dituela. Irakurleak adi heldu beharko dio ibiliari estropezurik egin nahi ez badu. Pausoak banaka ematea komeni baita lauak eta koskak, guztiak eta bakoitza, ondo gozatu eta dastatzeko. Egunean bat irakurtzen dut nik, egunean aforismo bat. Eta hausnarrean igarotzen dut eguna hausnarketarako tarteak goxatuz.
Liburuari Eleder ilobaren zenbait aforismo-burutazio-ateraldi-jolasekin eman dio hasiera Ekaitzek. Ume bat dena da eta hizkuntza bere egiten duenean, bizitzak beste kolore bat hartzen du. Koloretsua da Ekaitzek eskaintzen diguna, garai bateko ipuinen hasierak asmatzera eramaten gaitu. Nekez ederragorik.
Eta bai, bat egiteko bi behar dira. Ekaitz bi horietako bat da, zuk behar zenuke bestea, irakurle.