Elixabete Garmendia Lasa • Kazetaria
Baserri bat Goierriko zoko galdu batean. Hiruzpalau hamarkadaz kudeatu du hirian bizi den bikote batek. Baserria baino gehiago, borda edo txabola zirudien eraikinak hiritarrek hartu zutenean; konpondu zuten beren eskuz; atondu zuten etxe barrua gustu handiz. Urak bideratu zituzten; baratzea berreskuratu, fruta arbolak landatu… Hori dena asteburuetan lan eginez. Orain, jubilatzean, sorterrian –Extremaduran– daukaten etxeari emango diote lehentasuna, eta horregatik utzi dute Goierriko baserria. Familia honentzat baserria ez da izan juxtu asteburuko txaleta. Baserria herri honetan txertatzeko modua izan da, ez bakarra, baina bai esanguratsua: iraganaren sustraiak usnatu eta euskarara hurbildu baititu, baserriko lexikoaren bidez.
Onintza Etxebeste Lirasek baserriaren inguruan antropologiatik, soziologiatik eta historiatik egin diren azterketak errepasatzen ditu Baserri hedatua liburuan (Kutxa Fundazioa, 2022). Arte Ederretako doktore tesian, aipaturiko diziplina horiek denek izan dute zeresana. Etxebestek l´état de la question non dagoen kokatu du. Eta proposatzen du baserriaren kutxa beltza irekitzea: «Kutxa beltzaren hormak –metaforikoki– botatzeak materialismo eta jarrera desberdin batera eramango du baserria; behin orainaldiko eraiketa prozesuak hautemanda, testuinguru, interbentzio, eragin eta harreman garaikideen arabera, baserria jada ez da aurretiaz emandako objektu itxitzat hartuko, ezkutuan zuen azpiegituran gertatzen diren eta jokabide berrietan ondorioztatuko den malgutasunean baizik».
Etorkizuneko perspektiban jarri eta malgutasuna aipatzen du Onintza Etxebestek baserria den ertz askotako erakunde horren bilakaerarako. Azken hamarkada hauetan malgutasunari esker iraun dute etxaldeek bizirik; hasteko, fabrikako eta baserriko lana uztartu dituzten baserritar mistoei esker. Hortik aurrera, familiaren etxeari eutsi dioten belaunaldi berriengatik; eta baita, kaletik ihesi baserria bizilekutzat hartu dutenengatik ere. Baina oraindik –zorionez– badira baserritar-baserritarrak, lanbidetzat nekazaritza edota abeltzaintza dutenak. Azkenaldian Donostian protestan ikusi ditugu –EHNE eta Enba sindikatuek deituta– haragi ekoizleak, «estatu osoko prezio txikienak jasotzera kondenatuta» daudela esanez (Berria, 2022-04-02). Eta mehatxu eginez, kasurik egin ezean, «maiteago gaituzten beste merkatuetara» eramango dutela hemengo haragia. Galera, ez da haientzat bakarrik; galera, kontsumitzaileontzat ere bada. Eta, nola ez, kinkan jartzen du baserria den zutabe hori.