Josune Gil • Ezkerreko eserlekutik
Duela gutxi, aktore batek Twitteren argaltasunaren, loditasunaren eta bakoitzaren autoestimuan gorputzaren formak duen garrantziaren inguruan eztabaida zabaldu zuen. Konkretuki, negu guztian afaldu gabe egon dela zioen, eta orain uda gertu egonda, «lan» hori galdu egin duela, azken boladan gehiegi jaten ibili delako. Erantzun asko jaso zituen, askok ulertzen ziotela esaten zuten, beste askok «oso ondo dagoela», zenbaitek hobe dela gosaririk ez egitea… Eta azkenengo batzuk, ordea, gogorarazten zioten 700.000 jarraitzaile izanda (gehienak emakume gazteak) oso arriskutsua dela horrelako mezuak botatzen ibiltzea.
Arrazoi dute portaera hori kritikatu dutenek, hasteko zer delako ondo edo gaizki egotea? 4 kilo gutxiago pisatzea, gosea pasatzen dugun bitartean? Beste alde batetik, intentzioa ziurrenik ez zen munduko txarrena, baina askotan intentzioaren aitzakiarekin gauza asko pasatzen uzten ditugu. Eta ez legoke gaizki garaiz zuzentzea, onartuz mezu horien arriskua. Eta baita ere arriskutsuak izan daitezkeela honelako portaerak 20 emakume gaztetatik batek elikadura-nahasmenduren bat duen estatu batean. EHUk egindako ikerketa baten arabera, 100 kasu berri inguru diagnostikatzen dira urtero Gipuzkoan.