Oianguren parke barrenera erabat sartu gabe, ingurumari horretan dauden bide eta bidexkak ezagutu daitezke bira honetan, Zearretik igoz eta Okorrotik jaitsiz. San Joan auzoko Zabale baserri aldera eginez luza daiteke ibilbidea.
Ez da ariketarik errazena izan Ordiziako mugetatik gehiegi urrundu gabe –edo ia atera gabe– ibilbide bat egiteko aukera topatzea. Iparraldera joz gero, Murumendi aldera, itzulinguru bat egiteko itxurazko biderik ez, eta gain horietan ekialdera zein mendebaldera joz, denbora gutxian Beasaingo edo Itsasondoko lurretan sartu behar. Berdin kaleko paseo bat eginez gero ere. Hegoaldera du Ordiziak bere natur eremurik ezagunena, Oianguren, baina harako bidea ere labur samarra sumatzen zenez, itzulinguru bat egitea izan da Ordiziako Mendizaleak taldeko Juan Mari Garmendiarekin hitzartutakoa. Oianguren parkearen ertzak ezagutzeko aukera ematen du Ibiltari honek, Zearra aldetik igoz eta Okorro aldetik jaitsiz. Eta ibilbidea are gehiago luzatzeko nahia hartuta, Arama-Itsasondo aldera jo daiteke, San Joan auzoaren goenean dagoen Zabale baserri dotorea ezagutzeko.
Aramaren eta Altzagaren ondoren, lur azalerarik txikiena duen Goierriko hirugarren udalerria da Ordizia (5,65 kilometro koadro). Lekurik garaiena Odetagoena da (729 m.), ipar-mendebaldean, Murumenditik gertu; baxuena San Joan auzoan, Itsasondorekin mugan, 130 metrora. Eta bien erdibidean, Etxazpi-Putzuaran (328 metro), hegoekialdera, Lazkaorekin eta Zaldibiarekin mugan. Horixe izango da ibilbide honetako punturik gorenena. Abiapuntu modura, bi aukera: Plaza Nagusia bat, eta Altamira auzoa bestea. Paseoaren ondoren norberak izan dezakeen asmoaren arabera bat edo beste aukeratu daiteke. Kasu honetan, bigarrena.
Goierri Eskola ondoan dauden 30 bat eskailerak igoz joaten da Zearra izeneko eremura, eta handik, Sagastitxikira
Okorro edo Okorroaldea 1538tik dokumentatuta dago, eta hiru zatitan banatzen da: goikoa, erdikoa eta behekoa
Mallutz barrenetik Sagastitxikira
Altamira auzoaren ertz batean hasten da ibilbidea, Ordiziako Mallutz industrialdearen gainean dagoen oinezko bidean. Ezker aldera duen basoaren toponimotik datorkio izena industria pabiloi multzo horri. Beste aukera Altamirako putzura jo eta zuzenean Oiangurenhaundi baserrira igotzea zatekeen, baina helburua inguratzea denez, 10 minutuan suhiltzaile parkera eta Sasietaren Garbigunera ematen duen bideari ekitea izan da erabakia. Goierri Eskola eskubitara dela, espaloitik eskolaren goiko aparkalekura iristen da. Leku honetan azti ibiltzea komeni da. Soldatzaile baten irudiari erreparatu behar zaio, eta haren ondoan dauden eskailerei heldu zeharbidearekin jarraitzeko. 30 eskailera igo, eta Zearra zelaia dago.
Garai batean bai akaso, baina gaur egun bide hori jende askok ez duela erabiliko uste du Garmendiak. Bidezidorra nabarmena da, eta hari segitu besterik ez da egin behar. Eskubitara, Aizkorri parez pare, eta bertan, behorrak larrean. Sagastitxiki bistan dela, hara sartzeko pasabidea bilatu behar. Bistara hiru sarbide daude, baina hirugarrena aukeratu behar da, argindar zutabearen ondokoa. Sagastian sartuta, bitan egiten du zidorrak. Eskubikoak, Oianguko futbol zelaira ematen du, ezkerrekoak parkearen goenera. Hango iturrian tragoxka bat egin, eta Oiangurentxiki baserrira ematen duen bide ezaguna hartu behar da. Behin hara iristean, GR arrastoei segika eta basoan murgilduz, hamar minutu eskasean iristen da ibilbideko puntu gorenera, Aralar mendia begi bistan dela. Metro batzuk aurreraxeago dago mugarria, hesola baten kontra erdi ezkutuan. Lasai joanda, ordubetean egiten da igoera.
Okorrogainetik jaitsiera
Altamiratik Lazkaomendira doan hormigoizko bidean bost minutu egin behar dira behera Okorro aldera egiteko. Seinalerik ez dago, baina bidea argia da eskubitara. Ezkerrera eginez gero, Oiangurentxikira iristen da. Okorrogaineko bidea erosoa da oso, eta Aralarren ikuspegi ederra eskaintzen du. Bidean zakur txabola batzuk, eta ezer gutxi gehiago. Bidegurutze moduko batera iristean, ezkerreko bidezidorrari heldu behar zaio, eta behera jarraituz, Ordiziako herrigunea nabari da. Ez ohiko begiratokia, inondik ere. Pare-parean, goian, Aramako Artsuaga baserria.
Jakintza Ikastolaren sarreran bertan bukatzen da mendi-bidea. Hortik Altamirara jaitsita amai daiteke ibilbidea nahi izanez gero, baina Majori kiroldegiaren gainetik, eta Orkli kooperatibaren parean dagoen Txindoki etxaldera eginez, Arama aldera egin daiteke. Horretarako, Zaldibiara doan errepidea gurutzatu behar da, eta Amundarain erreka igarota, Aramako lurretan sartu.
Jende askoren pasealeku da bide hori, erosoa, egutera. Aramako bidegurutzeko mendi magalean egiten ari den egokitzapen lanengatik ez balitz –pasealekuaren bukaeran–, haraino joan, Iribasko errota ikusi eta Itsasondoko herri sarreratik San Joan aldera jotzea zen asmoa, baina ezin. Hortaz, Aramako Aiestabeltza baserriaren parean behera egin, nazional zaharra eta N-1 autobidea gurutzatu, eta San Joan auzoko etxebizitza berriak gurutzatu ondoren, Ordizia-Itsasondo mugan dagoen San Joan ermitara iristen da.
Goenean ageri da Zabale baserri-dorretxea, Gipuzkoako garrantzitsuenetako bat. Aldapa pikoa igo behar da hara iristeko, baina merezi du. Barrenean pasabide bat du, eta haren bukaeran iturri bat, makina bat ordiziarrei edaten ematen diena. Bost-hamar minutuan iristen da herrigunera, inguruan egindako etxebizitza berrien artean ibiliz.
Kontuan hartzeko
- Kasko historikoa. Abiapuntu-helmugatzat Plaza Nagusia hartzen bada, merezi du kasko historikoan barrena itzuli bat ematea, bertako eraikin historikoak ikusiz. Herriko historiaren informaziorik osatutena D’elikatuzen zentroan dute (delikatuz.com).
- Oianguren parkea. Ibilbide hau Oianguren parkearen bihotzean murgiltzen ez bada ere, bidean zertxobait desbideratu eta hamaiketakoa bertan egitea izan daiteke aukeretako bat. Gaur egun, itxita dago Oiangurenhaundi baserria, urte batzutan taberna-jatetxe zerbitzua eman duena. Barrenean zein goenean iturriak ditu parkeak.
- Leku izenak ikasteko. Urriak dira Ordizian dituen natura inguruak, baina landalan bikaina eginda, Ordiziako leku-izenak liburuan daude jasoak ibilbide honetan zekarkatutako hainbat muino, zelai eta zeharbideren izenak.
- Zabale baserri-dorretxea. Mudejar erako dorreak egiten du berezi Zabale. 2008ko abuztuaren 7an tximista batek dorrea jo eta kalte handiak eragin zituen. Bertan bizi diren lau familiek konpondu zuten, berezko arkitekturari eutsiz.
Fitxa teknikoa
- Iraupena: Bi ordu eta laurden
- Luzeera: 8 kilometro
- Desnibel metatua: 500 metro
- Zailtasun teknikoa: Erraza