Gibeleko gaitzak sendatzeko erabili izan da landare hau Euskal Herriko medikuntza tradizionalean.
- Izen herrikoia. Pareta-belarra.
- Izen zientifikoa. Parietaria judaica L. (Urticaceae).
- Ezaugarriak. Harrizko horma zaharretan erraz aurki daitekeen landarea da Pareta-belarra edo Horma-belarra. Landare belarkara da, hosto iraunkorrekoa. Zurtoina gorri kolorekoa du, eta 70 zentimetroko garaiera izatera irits daiteke. Berde kolore iluneko hostoak ditu, obalatatuak eta txandatuak, eta azpialdetik iletsuak. Loreak oso txikiak dira, berde kolorekoak horiek ere, eta batzuetan kolore arrosa ere har dezakete. Taldean hazten dira, hostoen galtzarbeetan, eta martxotik urrira arte irauten dute.
- Atal erabilgarriak. Zurtoinak eta hostoak erabiltzen dira.
- Propietateak eta erabilpenak. Landare diuretiko eta hepatikoa da. Gibeleko gaitzak sendatzeko erabilia izan da Euskal Herriko medikuntza tradizionalean, haren zelulak babesten baititu. Likidoen erretentzioan ere erabiltzen da: aproposa da pixka eginarazteko eta gernu hodietako inflamazioei aurre egiteko. Kasu horietan, infusioan edo tinturan har daiteke. Infusioen kasuan, 40 gramo landare ur litro batean egosi behar da, eta egunean bi edalontzi edan bederatzi egunean. Tinturetan, berriz, 30 tanta hartu behar dira egunean hiru aldiz. Zaurietan, zaldarretan, erreduretan… zikatrizante eta eta antiseptiko moduan erabiltzen da, kataplasma edo enplastoak ipiniz. Egunean bizpahiru aldiz ezarri behar da, nahi adina egunetan.
- Kontraindikazioak. Udaberriko polen-alergia askoren eragilea da pareta-belarraren polena. Giltzurruneko gutxiegitasun kasuetan, kardiopatietan eta hipertentsio kasuetan, beharrezkoa da medikuaren kontrola.