Ataun da Berrabiarazi proiektua babesteko apustua egin duen Goierriko udalerri ertainetako bat, pandemiak eragindako premia eta behar berriei aurre egiteko tresna egokia dela iritzita. Aukera baliatzeko deia egin du udalak.
Aukeraz baliatzea. Horixe da Ataungo Udalak Berrabiarazi proiektuaren aldeko apustua egiteko izan duen irizpidea. Goierriko ehun ekonomikoan pandemiaren ondorioak neurtzeko Goiekik egin zuen azterketa aintzat hartuta, ondorio horiei ekintzekin aurre egin behar zitzaiela iritzi zion udalak bere egunean. Honela azaldu du erabakia Martin Aramendi alkateak: «Goiekik adierazi zigun ondorio horiek erantzun bat behar zutela, ezin zitekeela azterketa hutsean geratu, eta egokia izan zitekeela hor agertu ziren premia eta beharrei erantzuteko formazioak antolatzea. Udal bezala esfortzu ekonomikoa eskatzen zigun, baina momentu horretan esfortzu hori egiteko moduan geunden, merezi zuela uste genuelako».
Ataunek ez du industria handirik . Hiruzpalau enpresa ertain ditu (Galparsoro, Tapia, Kerejeta…), lehen sektoreko jarduerari eusten dioten hainbat eragile ere bai, ostalaritza eta merkataritza oinarrizkoa –San Martin auzoan batik bat–, eta alkatearen harridura eragin duen beste esparru bat: «Autonomo eta ekintzaile asko dauzkagu, guk uste baino gehiago». Pandemia garai betean, «ahal den neurrian», eragile horiei guztiei laguntu dietela gogoratu du, baina «bestelako zerbait eskaintzea garrantzitsua» iruditu zitzaielako babestu dute Berrabiarazi. «Aukera hau aprobetxatu beharra zegoen. Enpresek haien ibilbidean geldialditxo bat egin eta aurrera egiteko oinarriak jartzeko».
Zortzi izan dira Berrabiarazin parte hartzen ari diren eragileak: bost ekintzaile eta hiru enpresa ertain. Diagnostikoa zortziei egin diete, eta lortutako informazio horren arabera ekintzak antolatu ditu Goiekik. Horietako bik TicketBairen formazio saioa ere jaso dute. «Enpresa handietan formaziorako aukera gehiago dago, txikietan nahikoa dutelako eguneroko martxari erantzutearekin. Nik uste dut eskaintza nahiko zabala egin dela, eta denentzako moduko zerbait badagoela». Goiekik hor jarria du erronka, enpresa eta komertzio txiki horiek formazioetara erakartzea, ikusi baitute parte hartu dutenen kasuan balorazioa «oso ona» izaten ari dela. «Denei etorriko zaie ondo formazio horietakoren batean parte hartzea. Seguru badutela zer ikasia eta zer baliatua», nabarmendu du Aramendik.
Begirada luzatzeko balio
«Bezeroari ahalik eta zerbitzu onena eskaintzea». Horixe da Zubikoetako Industrialdean egoitza duen Galparsoro Logistikak lan funtzionamendurako urtetan erabili duen premisa. Juan Mari Galparsorok anaiarekin batera gidatzen duen garraio eta biltegiratze familia enpresa bat da, zortzi langilekoa. Haien aitonak sortua 1941ean, gerora aitak eta osabek kudeatua, eta 90eko hamarkadatik aurrera bi anaien esku dagoena. «Guri beti erakutsi digute lana egin behar dela, eta bezeroari arreta oso pertsonalizatua eman behar zaiola».
Berrabiarazi proiektuaren barruan Goiekik diagnostikoa egin dion enpresetako bat da: «Teknikari bati azaldu genion nola lan egiten dugun, hark txosten bat egin zuen, eta gu saiatzen ari gara diagnostiko horretan jasotako puntu batzuk gure enpresara moldatzen, eta moldaketa horiekin onura batzuk izateko bidea egiten». Galparsorok nabarmendu du «XX. mendeko sistema batekin XXI. mendean» ari direla lanean, eta egunerokoan lan egiteko era aldatu ez badute ere, etorkizuna ikusteko begiradan sumatu dute aldaketa. «Oso positiboa izan da diagnostikoa, oso-oso lagungarria. Lehen egunean egunekoarekin genbiltzan, eta orain ari gara epe horiek luzatzen, eta urte batera edo bi urtera zer egin dezakegun pentsatzen eta helburu batzuk markatzen».
Proiektua bideragarri egiten
Giza Dietetika eta Elikadura diplomatua (EHU) eta Nekazal Ingeniari Teknikoa Elikagai Industrien espezialitatean da Amaia Aierbe ataundarra. Zuen lanpostua utzi, eta elikadura eta osasuna uztartzen dituen ekintzailetza proiektu batean murgildu zen pandemian. «Kontziente nintzen nire erabakiaren arriskuaz, baina pandemia dela eta ez nekien nire proiektua bideragarria izan zitekeen ala ez. Goiekira jo nuen, eta han lagundu didate proiektua egituratzen, forma ematen, zenbakiak moldatzen… Nire ideia-proiektua lurreratzeko balio izan dit Goiekiren zerbitzuak».
Diru-laguntzak kudeatzeko aholkularitza ere jaso du Goiekin, hainbat formazio saiotan parte hartu du –TicketBai-n tartean–, eta oraingoz Beasaingo Anezka gunean du lan egoitza. «Proiektua bideragarria egiten dudala ikusten badut, etorkizun batean lokal propio bat izatea da nire asmoa». Orekan da Aierberen proiektuaren izena.
8 dira Berrabiarazi proiektuan parte hartu duen Ataungo eragile ekonomikoak. Horietatik bost ekintzaileak izan dira, eta hiru enpresa ertain edo txikiak. Elektromugikortasun estrategian, nazioarteratzean, Industriaren digitalizaziona, Enpresen dibertsifikazioan eta ETE enpresa txiki eta ertainentzako formazio saioetan parte hartu dute.