Joxe Begiristain Aizpurua • Ataun
Erretratua ez da horren aspaldikoa, 2009koa da. Baina erretratu bakarrean kabitzen ez diren pertsona askori egin nahi diedan aitortzaz doa honako hau. Beasaingo CAF aitzindaria izan zen lan munduan euskarari berez dagokion lekua egiteko ahaleginean. Nolabaiteko ofizialtasunez araututako zerbait zehatza egiteari 1995ean ekin bazitzaion ere, ordurako aspaldikoak ziren lantegian bertan euskara klaseak eskaintzen aritu izana, euskarazko hainbat kartel, dokumentu labur eta bestelakoak argitaratzea eta bestelakoak egitea. Betiere, enpresako Zuzendaritzaren eta Enpresa Batzordearen arteko elkarlanean.
2006an, ordea, urrats kualitatibo bat egin eta Beasaingo lantegia bere osotasunean aintzat hartuko zuen Euskara Planari ekin zitzaion. Besteak beste, Euskara Teknikaria lanpostua sortzeaz gain, Euskara Batzorde indartsu bat osatu genuen, tokian tokiko hainbat sail edo departamentuetako ordezkari banaz. Eta baita ere, ordea, sindikatuetako eta zuzendaritzako ordezkariekin. Eta azkenik, 1995az geroztik segitzen duen Elhuyar Aholkularitzako garaian garaiko ordezkariaren laguntzaz.
Erretratu batek ezin du ibilbide hori guztia laburtu, eta gainera, kasu honetan ez dut horretarako intentziorik ere: pertsona, norbanakoa goraipatu nahian hartu dut hizpide argazki hori, jakinaren gainean, noski, hor agertzen garenok ez garela azken 16 urte hauetan Euskara batzordekide aritutako guztiak.
Baina hor agertzen den bakoitzak ordezkatzen duena da nik, nahita ere eskertzen inoiz asmatuko ez nukeena. Izan ere, erabiliaren erabilera ez beti zuzenez «auzolana» hitzari esanahia lausotzen ari ote zaion beldur naizen honetan, erretratu horrek zerbait irudikatzen badu, benetako auzolana baita.
Borondatez auzolanean
Euskara batzordekide bakoitzak bere zeregina izaten du enpresan, izan ingeniari, idazkari, informatikari, soldatzaile nahiz beste hamaika ofiziotan aritu. Eta hortxe dago gakoa: bere ofizioak behartzen ez duen afizioz aritu/aritzen/arituko direla Euskara Batzordean lanean, erretratuaren aitzakian nire esker on guztia adierazi nahi diedan ehunka pertsona. Borondatez auzolanean!
Niri bizitzan gerta zekidakeen gauzarik dotoreenetakoa izan da azken 16 urte hauetan CAFeko Beasaingo eta Irungo lantegietan pertsona horiekin guztiekin lanean aritzea. Horiei guztiei eta lehendik ere, nik enpresan eman ditudan 41 urteetan zehar euskaraz lanean aritzeko bideak egiten auzolanean izan ditudan guztien omenez, beraz, argazki horren bidezko aitortza.
Euskararen trenari eutsi
Argazki baten irudikatua, album potolo batekin ere jaso ezina den lan eskerga egin/egiten/egingo duten pertsonak. Gutxi batzuk beretik asko emanez, baina guztientzako onuraz dela jakitun, harro eusteagatik euskararen trenari.