Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
Orduan zuri ez zaizu komeni euskal estatu bat» erantzun zion Goiztiri AEK-ko ikasle hark euskarak estatu bat behar zuela esan zionean. Mutu utzi zuen arren, orduan ez zion garrantzirik eman, baina antzekoak entzun behar izan zituen, gerora ere.
Horrelakoei aurre egiten ikasi zuen. «Pertsona euskaldunduko duen pilula asmatuko bazenute, gustura joango nintzateke langabeziara» erantzun zion, Maizpiden, B2 mailako azterketa prestatzen ari zen erizainari. Konturatzen zen inor gutxi konbentzitzen zuela erantzun horrekin. «Eskertu beharrean zaude Euskal Herri euskalduna ametsa baino ez izatea» edo horren antzekoren batekin eutsi zion bereari, ordukoan ere, erizainak.
Urretxuko Udal Euskaltegian euskarako zinegotziarekin egindako bileran entzun zuen «gure helburua da euskaltegirik behar ez izatea». Eta kezkatu egin zen, agian, lehenengo aldiz. «Eta gertatuko balitz» pentsatzen zuen. Nahikoa litzateke dozena erdi agintariren borondatea, hogei bat urtean, bere lanak zentzurik ez izateko. Ikusitakoak ikusita, ez zirudien gertatzeko erraza, baina zailegia ere ez. Berez, lau edo bost hauteskundek eragindako konbinazio batek sortzeko moduko egoera zen.
Eta zer egingo zuen orduan? Hogei urtean, berrogeita hamarretik gora izango zituen eta balizko jubilazioa urrun, artean. Euskal Herritik kanpoko bezeriak ez zien denentzat lanik ekarriko. Ikasten zuten askok, gainera, euren kasa ikasten zuten, batzuk errekorrerako denboretan. «Zer lan mota egin dezaket nik Euskal Herri euskaldun batean?». Aukerako erantzunekin post-it bat betetzeko gai ere ez zen.
Kezka erne zitzaionetik hogei urte joan dira eta erabat desagertu ez bazaio ere, lasaiago hartzen du. Kalkuluak egin ditu eta, baletor, jubilazio artekoa ziurtatu samar dauka.