Kukuak jotzen duenean, negua bukatu dela esan ohi da. Aurten ez da hala izan. Lazkaomedin, apirilaren 2an entzun zuten txori miragarri horren kantua, Abalin baserrira Lazkao Txikiren omenez inguratu zirenek. Elurra ari zuen. Kuku-elurra deitzen zitzaion horri. Handik gertu kantatu zion bertsolariak kukuari, fin bezain egoki, bertso hau:
Birigarroa arbolan eta
xoxoa sasi onduan…
gaur goizean’e eginahalean
hor ari ziren kantuan.
Kukua, berriz, zuhaitzik zuhaitz
‘kuku’ hemen ta ‘kuku’ han;
kalendario gabe badaki
noiz etorri ta noiz juan.
Rufino Iraolak jaso zion 1988ko maiatzean, Lazkaomendiko festa-egunean.
Udaberriaren mandatariak okerrik gabe jo du, beraz, garaiz kanpoko elurrek limurtu gabe. Amabirjina martxokoan kuku, San Pedrotan mutu, dio garai bateko goierritarren sinismen batek. Martxoaren 25etik ekainaren 29ra, alegia: udaberriaren hasiera eta bukaera.
Lehenbizi, Erromako zubiaren gainean joko zuen kukuak, eta gero iritsiko zen paraje hauetara. «Eta zortzigarren egunerako agiri ez bazen, zazpi idi pare lotu gurdiari eta kukuaren bila irten beharra zegoen», jaso eta idatzi zuen Julian Alustiza Aztiri idazleak. Zazpi kolore ortzadarrak, zazpi idi pare harako…
Garaiz kanpoko kukuak, oker jo
Euskarak hamaika baliabide ondu ditu kukuaren bizkar: «kukuka ibili» edo «kuku bat egin», «kukuak oker jo», kuku-belarra eta kuku-prakak landareak… Ezaguna da oraindik lehen kuku kantua entzundakoan poltsikoan dirua eramateak urterako dakarren aberastasun dohain-ustea. «Lehendabizikoz kukuaren kantua entzutean, txanponak eskuetan izanez gero, urte hartan ez zenuen diru faltarik izango. Baina, gehienetan, txanponaren ordez, aitzurra edo laia esku artean genituela harrapatzen gintuen kuku maltzurrak», gehitu zuen Alustizak.
Baina, irudi bukolikotik eta onberatik harago, gaitzaren ekarle ospea ere bazeukan kukuak, behar ez den garaian azaltzen bazen. Kukuaren kantua abuztuan edo urrian entzutea, heriotza goiztiarraren seinaletzat hartzen zen. Ezkontzeko gogoz zenari, berriz, kukuak zenbat aldiz joko, hainbeste urte itxaron beharko zuen. Berdin haurra izateko edo hiltzeko zenbat urte falta zitzaizkion jakiteko ere. Asko jotzea komeni batzuetan, gutxi besteetan…
Lapurraren edo alferraren fama du, arrautzak hegazti txikiagoen habietan jartzen dituelako. Memeloaren pertsonifikazioa ere bazen, eta kukuarena pasatzen zitzaion eskolan-eta motel antzera zebilenari: «Kukua zazpi urtez ibili omen zen eskolan, eta ‘kuku’ esaten ikasi bakarrik!». Baina zer ondo ikasi.