Bi aste barru 125 urte beteko dira Joan Iturralde ezizeneko historialari beasaindarra jaio zela. Juan Jose Usabiaga Irazustabarrena berez, goitizen haren abarora bildu behar izan zuen, frankismoak debekatua, errepresaliatua eta erbesteratua zein heinean. Beasainen jaio zen, Altamira baserrian, 1897ko maiatzaren 20an, eta Saran (Lapurdi) hil, 1981eko azaroaren 1ean. Hain zuzen, jaiotetxeko Iturralde lur sail gogokoaren izena hartu zuen.
Apaiza ikasketaz eta lanbidez, beste edozein abaderena litzatekeen ibilbide bertsua egin zuen. Buruargitasuna erakutsiz, beti ere: lehenengo eskolak Beasaingo San Martinen hartu, eta 11 urterekin Tolosako Sakramentinoetara; apaiztu ondoren, Filosofia eta Teologia doktoretza Erroman, suma cum laude nota gorenarekin.
Irakaskuntzan jardun zuen gero, Frantzian, Argentinan eta, Euskal Herrira itzulita, atzera Tolosan.
Gerra, katarsia eta katalizazioa
Milaka euskal herritarri bezala, 1936ko gerrak bizitza erdibitu zion Usabiagari. Altxamendu militarraren kontra azaldu izango zen, eta erlijioa armen bidez ez, baizik zuzentasunaren bidetik zabaldu behar zela esateagatik atxilotu egin zuten frankistek. Preso hartu, eta Ondarretako kartzela ilunean (Donostia) sartu zuten, 1937ko maiatzaren 16an.
Berrogei urtez sorterrira itzuli ezinik egon behar izan zuen Joan Iturraldek. Frankismoa sutu zuen haren kontrako liburuak
Hamabost egunera, askatasuneko paperak sinarazi, auto batean sartu, eta kartzelatik atera zuten. Apaiza izateagatik ziurrenik, beste batzuei eman zieten paseoa ekidin zioten, bizitza barkatuz; mugara eraman eta «ahal duzuna egin ezazu» esanda, aske utzi zuten; baina atzerrira joateko aginduz eta, atzera itzuliz gero, hilko zutela mehatxu emanda.
Eta ahal zuena egin zuen. Joan Iturralde izena hartuta, Francoren «gurutzada katolikoaren» lotsaizunak agerian uzteko langintza historiografiko eskergari ekin zion, kartzelan preso kideei emandako hitza betez. Xehetasun guztiz bildutako informazioak pilatu, ordenatu eta antolatu zituen, urtetako lan isilean.
Hiru liburukitan argitaratu zituen Francoren eta bere aldekoen izugarrikerien berriak, El Catolicismo y la Cruzada de Franco (Katolikotasuna eta Francoren gurutzada) bilduma goraipatuan, 1956an. Tolosan (Okzitania) argitaratu zuten, eta estraperloan sartu zuten Hego Euskal Herrian. Berehala agortu zen. Argitaletxearen izena ere, gordetzekoa: Editorial Egi Indarra – Caiga quien caiga.
Bigarren edizioa (1978) bi liburukitara bildu zuten, La guerra de Franco, los Vascos y la Iglesia izenburudunak. Jaioterrira itzuli zenean, 1979an, omenaldi handia egin zioten. Beasaingo plaza bati Joan Iturralderen izena jarri zioten.