Gilda taldeak Egin Albora abesti bilduma kaleratu du. Amagoia Aiestaranek (Beasain, 1988), Anabel Toralek (Lazkao, 1992) eta Maialen Aiestaranek (Beasain, 1993) osatzen dute hirukotea. Beasaingo festetan emango dute lehen kontzertua, maiatzaren 28an, txosnetan.
Noiz eta nolatan ekin zenioten Gilda taldearen proiektuari?
Duela urte batzuk ezagutu genuen elkar Anabelek eta Amagoiak. Ordutik, musika egiten aritu gara, bata gitarrarekin eta bestea baxuarekin. 2020an, Maialen batu zen bateriarekin. Horrela sortu genuen Gilda hirukotea. Ordurako, abesti batzuk sortuak genituen, eta denbora tarte honetan, beste batzuk egin ditugu. Guztiak disko batean biltzeko gogoa genuen, eta aurten animatu gara.
Zergatik Gilda?
Talde baterako izen aproposa eta polita iruditu zitzaigun. Gilda pelikula ikusi genuen behin, eta Rita Hayworthekin maiteminduta geratu ginen. Gilda pintxoaz ere aspaldi maitemindu ginen. Pintxoa bera ere hiru osagaiz egina dago, hirukotea da. Denak zentzua hartu zuen.
‘Egin Albora’ abesti bilduma kaleratu berri duzue plataformetan. Prestakuntza lanak zer moduz joan dira?
Urtarrilean aritu ginen grabatzen, eta oso ondo joan zen. Beñat Antxustegik eginak dira grabaketa zein nahasketak, eta oso pozik geratu ginen. Ordutik, entseguak eta prestakuntza lan ugari izan ditugu kontzertuei begira. Beñaten bitartez Balio Dute kolektibora batu ginen, eta lehenengo urratsak emateko laguntza handia jaso dugu kolektibotik. Maiatzaren 14an [bihar], Galdakaoko Sorkuntzen Plazan aurkeztuko dugu diskoa Sormene ekimenaren barruan.
Nork egin behar du albora?
Albora, orain arte, espazio publikoetan nagusi izan direnek egin behar dute. Emakume bezala ikusgarritasuna eduki ahal izateko, batzuk alde batera egitea ezinbestekoa da. Geure lekua behar dugu, eta hori aldarrikatzen dugu bildumako Egin Albora abestian. Oraindik, jaialdi eta musika ekintzetan, kartelburu gehienak gizonezkoak dira; ez emakumerik ez dagoelako musika munduan, baizik eta ez dietelako espaziorik ematen. Aspalditik dabiltza emakumeak musika egiten, haien lekua eskatzen eta borrokatzen. Garaia dela uste dugu.
Zer moduzkoa izan da entzuleen erantzuna?
Familia eta lagunen artean gustuko dutela esan digute. Azkenean, hainbeste denbora lokalean sartuta egotearen arrazoia ezagutu dute eta gure inguruko jendea ilusioz beterik dago.
Beasaingo festetan emango duzue lehen kontzertua. Plaza ona estreinaldirako, ezta?
Oso berezia izango dela uste dugu. Beasainen, eta gainera, txosnetan. Guri behintzat ez zaigu ezer aproposagorik bururatzen. Maiatzaren 28an izango da, larunbatean, 23:00etan.
Taldearen logoa, eta batez ere abesti bildumaren ilustrazioa bereziak dira. Balio estetikoaz gain sinbolikoa ere badute, ezta?
Abesti bakoitzak bere irudia izatea eta gure logo propioa ere izan nahi genituen. Arantxa Alustizari egin genion proposamena, abestiak pasa genizkion eta gogoz azaldu zen. Bere estiloa gustatzen zaigu. Oso berezia da, mezu zuzen eta gordina ematen du; talentu askorekin egindako lana da. Gure abestiekin bat egiten duen estiloa dela iruditzen zaigu, oso pozik gaude emaitzarekin.