Txani Lasak (Beasain, 1957) ostalaritzan lan egin du beti. Hasieran, gurasoen Politena tabernan. Ondoren, Basakana tabernan. Aurki 35 urte egin behar ditu bertan. Hasieran hiru bazkide ziren eta egun emaztea eta bera dira bazkideak. Gustuko lana du.
Zeintzuk dira zure zaletasunak?
Mendira joatea eta lagunekin egotea. Pirinioetara askotan joan naiz. Alpeetara ere joan naiz.
Zein da zure mendi kuttuna?
Igo dudan altuena Mont Blanc da. Hiru Erregeen Mahaia oso gustukoa dut. Eta Goierrin, Txindoki eta Aizkorri.
Pelikula edo telesail bat?
Doce hombres sin piedad. Askotan ikusi dut.
Abeslari bat edo musika talde bat?
Euskal musika entzuten dut gehienbat. Dena gustatzen zait, kantautoreetatik taldeetaraino.
Abesti bat?
Izarren hautsa.
Liburu bat?
Carlo Maria Cipollaren Allegro ma non troppo. Gizakiaren ergelkeriari buruzkoa da. Sorpresa atsegina hartu nuen irakurri nuenean.
Oporretarako toki bat?
Zuriza. Urte asko daramatzagu bertara joaten.
Zer gosaltzen duzu?
Fruta pixka bat eta tea.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Ama joan zitzaigunekoa.
Sekula egin dizuten opari bereziena?
Mariajek etxera ekarritako alaba. Itsaso du izena.
Amets bat.
Errepublika euskaldun sozialista eta feminista bizi izatea.
Goierriko txoko kuttuna.
Lazkaomendi.
Beasainen biziko ez bazina…
Lazkaon. Ama Lazkaomendikoa zen.