Joxe Begiristain • Irakurzalea
Askotan aipatu izan da, liburu bat, irakurle adina liburu bihurtzen dela. Norberak bere bizipenetik hausnartzen ditu irakurriak, eta halaxe gertatu zait liburu honekin ere: Ahaztu baino lehen, ama du izenburua Mikel Etxaburu ondarroarraren azken poema-liburuak.
Egoera oso ezaguna da: adineko pertsona bat memoria galtzen ari da, eguneroko ohiko zereginetarako nekez moldatuko da, aurrez aurre kontu kontari aritzeko zailtasunak ditu… Hori dena zer den badakigunontzat, berealdiko altxorra da Etxabururen liburua. Zenbat aldiz ez ote gara haserretu, guk bizitza osoan ezagutu dugun hori dagoeneko ez dela lehengoa eta, eraman ezinik?
Bada, liburuan haserrerik ez duzu topatuko. Oso alderantziz, poema batetik bestera eta hasieratik bukaeraraino, amari gozo-gozo hitz egiten dion norbaitek berehala jarriko zaitu ataka estuan: nigandik jasotzen al du gureak horrelako tratu gozoa uneoro-uneoro? Ala, ez dugu onartu nahi beste era batera komunikatu beharra dugula eta gure aldetik jarrera berria hartuz egokitze lan baten premian garela?
Gauzak behin eta berriz errepikatuko (‘ateko zerrailari bi buelta eman’) ditu, berri bat nola emango diozu atentzio handirik ez diola jarriko badakizunean (edo zuk hala dela uste duzunean behintzat) eta antzeko hamaika egoera ezagun poema bihurtuta, irakurzaleok.
Abilidade handia behar da maite dugun amari, aitari (edozeini!)… horrelako liburu bat idazteko, umiltasun, zintzotasun eta bestelako tasun askoz gain. Egileak badaki hori noski, eta ez du hori ere ezkutatu nahi izan: irakurri bestela, 71. orrialdeko poema: Nekatu naiz poemak idazten…