Leire Perlines Apalategi • Hitz batzuk Etxaguenetik
Maiatzaren 13a da. Egun bitxia bezain tristea gaurkoa. Ile horia eta kizkurra. Alaia eta irribarretsua, oso irribarretsua. Lagunkoia eta batez ere txintxoa, bihotz onekoa, guztiei laguntzeko prest dagoen horietakoa. Animaliak gustuko zenituen; Tim eta Oto batez ere. Ziur haiek ere faltan botatzen zaituztela.
Telebistaren aurrean jarri eta makina bat tenis partida ikusitakoa. Bada… egun hauetan asko ari da hitz egiten tenisaren inguruan. Orain barre egiten dut santu txikiekin topo egiten dudanean, haien bila zenbat komeri izan genituen eta zenbat denbora igaro genuen oroitzen baitut.
Gauza asko aldatu dira, baina etxeko ohiturak ez horrenbeste: bazkal ostean parkera ateratzen jarraitzen dugu; eguzkia hartzeko aitzakiarekin ateratzen gara, bitartean errepidearen ondoan pasatzen diren autoei begira egoten gara, zesoma. Azkenaldian aukera berri batzuk atera zaizkit nire arloan, eta oso pozik nago, baina ziur ez nagoela zu bezainbeste. Zehazki urte bat bete da gaur joan zinenetik. Sinesgaitza egiten zait 365 egun igaro direla pentsatzea, baina denbora aurrera doa etengabean, abestiak esaten duen moduan. Badakizu? Orain gu gara sukaldeko leihoaren ondoan dagoen besaulkian jarri eta jendeari begira jartzen garenak, motor bat entzuten dugun bakoitzean ze kotxe etorri den ikusteko.
Oraingoan bai, muxu bat Etxaguenetik amama.