Filologoa, unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea da Oroitz Jauregi (Legorreta, 1974). Euskaltzaindiaren Euskaltzain Urgazle diploma jaso du berriki; Euskarazko ahoskeraren inguruan egin duen lanari aitortza bat da. Izendapen horrek orain arte bezala lanean jarraitzeko kemena ere eman dio. Apa-epe hizkerari buruzko ikerketa hasiko du laster.
Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle diploma eman berri dizu. Zer esanahi du horrek?
Ez da hitz oso ezaguna ez, iparraldeko hizkeretan-eta bai gehiago. Laguntzaile edo sostengua ematen duena esan nahi du.
Zerk eraman zaitu diploma hori jasotzera?
2011. urtean ahoskera lantaldea sortzeko eskaera egin zuen Lurdes Oñederra irakasleak. Nik Lurdesekin egin dut bide akademiko guztia, eta hala, lantalde horretan sartu nintzen. 2013. urtean batzorde bilakatu zen lantalde hori, eta ordutik han nago, Euskaltzaindiko ahoskera bartzordean, eta hor gabiltz, ahoskeraren inguruan-eta lanean. Aurten izendatutako urgazleak ere euskararen inguruan alor desberdinetan galbiltzan jendea gara.
Diploma hori jasota, zeintzuk dira zure betebeharrak?
Ekitaldian, Baionan, Euskaltzainburuak esan zuen diploma hori dela nolabaiteko aitortza eta esker ona, baina aldi berean, orain arte bezala lanean jarraitzeko aitzakia ere bada.
Hiru kategoria desberdinetan banatzen dira diplomak.
Daude ohorezko euskaltzainak, euskararen lanean ibilbide luze-luzea dutenak. Euskaltzain osoak; horretarako, euskaltzain urgazle izan behar zara lehenik. Eta euskaltzain urgazleak. Kasu guztietan, Euskaltzaindako kide batzuek zure hautagaitza aurkeztu behar dute, eta ondoren bozkatu egiten dute.
Jende askok urruti sentitzen duen erakunde bat da Euskaltzaindia. Zuk zer nabarmenduko zenuke?
Euskaltzaindia da hizkuntzaren akademia. Bere helburuetako bat da euskararen normalizazioa, eta hor sartzen da hizkuntzaren araugintza. Araugintza erabili izan da euskara estandarra proposatzeko. Sortu zenetik bide hori egin du. Batez ere idatzirako sortu zen; nola idatzi behar den, ortografia arauak, aditzaren paradigma nolakoa den, deklinabideak nolakoa izan behar duen, morfologia, lexikoa… Hizkuntzaren alor gehienak arautzen ditu, eta hori da hizkuntz akademia batek egin behar duen gauzetako bat.
Esan duzu batez ere idatzizkoari eman zaiola inportantzia. Zure esparrua gehiago da ahoskera. Uste duzu maila berean defendatu dituztela?
Ez! Egia da kontutan hartu behar direla beharrak eta garaian garaiko testuinguruan jarri behar direla gauzak, baina, 1968ko biltzarra izan zen batez ere idatzirako, eta bai, premia premiazkoa zelako egin zen. Baina hizkuntza bat ez da idatzizkoa bakarrik; hizkuntza bat ahoskatu egiten da, eta bizirik baldin badago ahoskatu beharra dago. Hor, gero, premiak sortzen dira, adibidez, irakaskuntzan, euskaraz irakasten hasi zenean, gero etorri ziren ikus-entzunezkoak euskarazkoak… Hortan lanean ari zirenek zalantza asko izan zituzten ahoskerarekin. Orduan, 1993an hasi zen lehenengoz ahoskeraren inguruko lanketa egiten. 1994an argitaratu zen lehenengo txostena.
Eta zer zioen txosten hark?
1993ko hartan, hizkuntzalari batzuk aritu ziren ikerketa egiten, eta ondoren euskara irakasleekin-eta elkarlana hasi zuten. 1998an argitaratu zen EBAZ araua, Euskara Batuaren Ahoskera Zaindua deitzen dena. Ondoren, batzordea desegin egin zen, 2011n berriro lantalde bezela sortu zen arte, eta 2013an berriro batzorde izendatu zuten.
Baina hau guztia ez da kasualitatea; ahoskerari, normalean, ez Euskaltzaindiak bakarrik, inportantzia gutxiago ematen zaio, gehiago onartzen da. Curriculumetan ere, gaur egun gehixeago, baina orokorrean gutxitan agertzen da ahoskera. Eta zein inportantea den ahoskera! Erosoago sentituko ginateke hizkuntza ikastean ahoskerari kaso gehiago egingo bagenio, askotan abiatzen baikara idatzizkotik eta horrek eramaten gaitu irakurketa ariketa soil bat egitera.
Beste hizkuntza batzuetan ere gauza bera gertatzen da?
Igual arreta gehiago jartzen diogu beste hizkuntza batean ari garenean. Euskaraz jarriko bagina aurkituko genituzke horrelakoak, seguru. Baina bai, ahoskera ikasiko bagenu beste era batean, entonazioak nola diren, ez hitzka, baizik eta esaldi osoak egiten, segurtasun gehiago izango genuke hitz egiteko. Eta zenbatetan lotsagatik isiltzen garen.
«Hizkuntza bat ez da idatzizkoa bakarrik, ahoskatu egiten da, eta bizirik baldin badago ahoskatu beharra dago»
«Ahoskeraren aldagarritasuna ulertu behar da, zeren askotan ahoskera arauak hartuta gerra sortzen da»
«Ez dagoela ahoskera bat, aldagarritasuna ahoskeran ezaugarria da»
Ahoskerari dagokionez, orokorrean, zer moduzko maila dago?
Gauza bat da kaleko hizkera, kaleko hizkuntza bizia, eta beste gauza bat da, ahoskera zaindua, egoera formaletarako dena. Euskaltzaindiaren ahoskera araua ez da kalean nola hitz egin behar den. Hizkuntza batek, bizia baldin bada, behar ditu erregistro maila guztiak, kalekotik hasi biltzar batean erabiltzen deneraino. Indartsu egon behar da baliabide horietan guztietan.
Ikusten denez, ez da hori euskararen kasua.
Euskara egon den egoeran egon delako, tarteko maila guztiak ez ditu garatu, beste hizkuntza batzuetan gertatu den bezala. Inguruko hizkuntzei begiratzen badiegu, gaztelerari edo ingelesari, badago hor erregistro landuagoa. Eta euskaraz, gauden momentu honetan, falta zaigu hori lantzea, eta zubilana egitea. Euskaltzaindiak proposatzen duen EBAZ araua indartsu egoteko, besteak ere indartsu egon behar dira. Espektro guztia behar du, hizkuntza normalizatu batean beharko lukeen bezala.
Ahoskera arautu daiteke?
Beste ideia garrantzitsu bat da ahoskera araua aipatzen dugunean, ez dagoela ahoskera bat eta bakarra, aldagarritasuna ahoskeran ezaugarria da. Idatzizkoa askoz ere zehatzagoa da. Ahoskera, berez, desberdina da gramatikaren beste alorrekiko, eta ezin da erabat arautu; robotak izango ginateke, ezin dugu beti berdin hitz egin. Orduan ahoskera zaindua proposatzen denean, ideia hori, malgutasunarena, garrantzitsua da.
Malgutasuna aipatu duzu…
Alde batetik, aldagarritasuna, eta bestetik, euskarak dituen euskalki desberdinak kontutan hartuta ere, ezin zaio berdin eskatu xuberotar bati edo bermeotar bati. Bakoitzak bere euskalkiarekin koloreztatuko du. Ahoskeraren aldagarritasuna ulertzea oso inportantea da, zeren askotan ahoskera arau horiek hartuta, batez ere gipuzkoarrontzat hain polemikoa den ‘ja’ ahoskerak gerra asko sortzen du. Eta azkenean da jarrera kontua eta entrenamendua, kontzienteki eta gorputzarekin. Ahoskera gorputza ere badelako, gure gorputz atalak erabiltzen ditugu.
Gainontzean, momentu honetan ikerketaren batean lanean ari zara?
Bai, eta ahoskerarekin ere zer ikusia du; Apa-epe hizkerari buruz ikerketa egiten hasiko gara. Zenbait lekutan erabiltzen da, eta gainera erabiltzen dute, jariotasun handiarekin. Hizkera sekretua da, sorgin euskara esan izan zaio, zapo euskara ere bai; nolabait da, jolas bezala erabiltzen dena, ez duzunean nahi aldamenean dagoenak ulertzea. Idiazabalen eta Seguran, adibidez, badago erabiltzen duenik. Orain horretan hastekoa naiz.