Duela mende bat, Gipuzkoako klima lehortzen ari zela ohartu zen Serapio Mujika historialaria, 1918an argitaratutako Geografia de Guipuzcoa lanean. Hezetasuna eta lainoa zen herrialdeko eguraldiaren ezaugarria. Negutik aparte izaten ziren, ordea, urarekin arazo handienak, ekaitzen zaparraden ondoriozko uholdeekin. 1593ko irailaren 21ean, Urola erreka hazi eta kalte handiak eragin zituen Legazpin. 1678ko irailaren 26ko, 1762ko eta 1765eko ekainaren 20ko, 1775eko ekainaren 19ko, 1789ko urriaren 26ko, 1801eko maiatzaren 20-21eko, 1831ko urtarrilaren 28ko nahiz 1862ko irailaren 16ko hazialdiak ere dokumentatu zituen.
Aldiz, 1911-1912ko negua erabat lehorra, goxoa eta epela izan zen, baita hurrengo urtekoa ere. Baina lehen ere izan ziren halakoak. Esteban Garibaik 1555eko negu leuna aipatzen du, eta 1556ko udan ere ez zuen gehiegi berotu. Badirudi, negu goxoaren ondorengo uda ere suabea izan ohi zela; berdin pasatu zen 1912ko udan.
Elurra San Migel egunez
Kontrako gertakari meteorologikoak ere erregistratu dituzte historialariek. 1878ko irailaren 29an, Ezkion elurra egin zuen. San Migel festa eguna zen, eta plaza ingurua elurtzak estali zuen. Erromeria bertan behera geratu zen. Kontrara, 1857ko neguan ez zuen tantorik ere bota, eta 1860ko eta 1866ko udak oso euritsuak izan ziren.
Eguraldiaren zoramen horren arrazoi bat ematera ausartu zen Mujika: lehen mendi osoak estaltzen zituzten basoak ebaki eta bota izana. Klima aldaketan zeukan garrantziaz ohartu ziren, duela ehun urte, eta lehen soildutako eremuak birlandatzeko programak hasi zituen Diputazioak.
Bestelako fenomeno atmosferiko batzuei dagokienez, tximista batek Ormaiztegiko elizako kanpandorrea jo eta eraitsi zuen, 1873ko otsailean. Herri hari eta ingurukoei Otamotx esaten zion herriak, euri oso gutxi egiten zuelako.
1888ko negua, berriz, oso elurtsua izan zen. Otsaileko bigarren hamabostaldian, ekaitz bortitzak lehertu eta elur asko egin zuen. Ondoren, zeropetik 12 graduraino hoztu zuen. Teilatu gainetan pilatutako elurtzaren zama arriskutsu bihurtu zen. Altzagan eta Gabirian bi teilatu hondoratu ziren, baita azken herri horretan eliza-ataria ere.