Xabier Lopez de Munain • Legazpi
Ez dut ondo gogoratzen, baina agian 1983. edo 1984. urte ingurukoa argazkia izango da. Argazki honetan, mozorroturik, nire lagun Pako eta biok azaltzen gara: fraidea eta pailazoa elkarturik.
Garai hura Legazpin Inauteriak berreskuratzeko garaia izan zen. Aratusteak zirela eta, udal euskaltegiak zerbait egin beharra zegoela pentsatu zuen.
Honela, euskaltegiko irakasleok antzezlan bat mozorroturik egitea proposatu genuen, ikasle eta irakasleak uztarturik. Antzezlana Euskaltegian bertan –orduan Kultur Etxean geunden– egin genuen umore onean.
Arratsaldean, berriz, herriko kaleetan jubilatuek, eskolek, euskaltegikoek eta enparauek desfilea egin genuen. Beraz, Inauterien birsortzean euskaltegikoek esku hartu genuen modu xalo batez. Udal euskaltegiaren papera azpimarratu nahi dut, jakinda ere herri osoa mugitu zela: adinduak eta txikiak.
Aukeratu dudan argazki hau ez da Inauteriak Legazpin berreskuratu zireneko garaikoa, baina ez da oso urrutikoa izango. Argazki honetan genuen gogoa islatzen da.
Udal euskaltegikoen parte hartzea
Jakina, Legazpi ez da Tolosa, baina urte haietan gure herrian Inauteriez gozatzen hasi ginen. Giroa kalean zegoen. Umeek eta adinduek inauteri festa berreskuratu genuen. Ez dut hemen goratzea nahi, baina, ene uste apalean, euskaltegiko ikasle eta irakasleok eduki genuen parte hartzea aipatu nahiko nuke.
Garai hartan, ni neu mozorrotzen nintzen –gaur egun txispa hura galdu dut eta ez naiz mozorroz janzten–. Adina ez da alferrik igarotzen, eta orduan nuen umorea eta ondo pasatzeko grina desagertu zaizkit.
Gozatzeko deia
Lerro hauetatik denei gozatzeko gogoa helarazi nahiko nizueke, batik bat azken bi urte gogor hauen ondoren. Umorea ez dadila desagertu! Gora Inauteriak! Gora Legazpi!