Roy Batty erreplikanteak Blade Runner pelikula amaieran nola —«Zuek sinestuko ez zenituzketen gauzak ikusi ditut nik. (…)»—, hala esan dezaket nik: «Ikusi dut jendea praka motzetan euria goian behean ari zuen abenduko goiz hotz batean». Eta ondorengo adibidea ez da hain muturrekoa, baina aho bete enpaste geratu nintzen duela ez asko lankide bat lantokian ikusi nuenean praka motzetan, mahuka motzeko kamisetarekin, eta alpargatak jantzita. Neure artean pentsatu nuen: «Dominikar Errepublikan lan egiten dut eta ni konturatu gabe». Teletipoetan Ukrainako egoerari buruzko albisteak bilatzen ari nintzen bitartean, soinean zer neraman zerrendatzen hasi nintzen mentalki: «Galtzontziloak, galtzerdi lodiak, barruko kamiseta, beste kamiseta bat, jertsea eta bakeroak». Jarraian jakin nahi izan nuen zenbat gradu egiten zituen eta zein egunetan geunden: 15 gradu, goi hodeiak, eta apirilaren 12a. Ez pentsa nire lantokian asko izerditzen denik; ez, behintzat, ohiko egoera batean. Beraz, han, ordenagailuaren aurrean eserita, oihu egin nahi izan nuen: «Zer arraio! Merkurion bizi garela uste du honek?».
Ez bainuen ezer ulertzen… Ez dakit ni naizen, baina iruditzen zait praka motzak behar baino lehenago jantzi nahi izaten ditugula, eta ez dela beti udan bizi nahi dugulako edo klima larrialdia tenperaturen erabateko iraultze bat eragiten ari delako. Detektaezina zaidan arrazoiren bat dago kirola egiteko ez bada 15 gradurekin praka motzak janzteko erabakiaren atzean. Bide batez, bihoakie besarkada bat duela hamarkada batzuetako negu gorrietan egunero praka motzetan ibili behar izaten zuten horiei… 75-80 urte dituen Zumarragako gizon bat ere hala ibiltzen da, egunero-egunero. Biba zu!
Nire aitak ere antzeko erabaki bat hartu zuen aspaldi: maiatzetik urrira mahuka motzetan ibiltzea. Eta ez diozu, ez, besoetako azala oilo ipurdituta ikusiko. Tira… Beste hark esaten zuen bezala, errespetatzen dut baina ez dut konpartitzen. Baina hedabideek, are gutxiago publikoek, ez gaitzatela prakamotzkerietara bultzatu. Maiatzaren 8ko Gaur Egun-ean entzuna: «Udako eguraldia Euskal Herrian». 18 gradu. Redios, zein titularrekin harrituko gaituzte uztailaren 13an? Eta hau idatzi du ezizenetako bat prakamotz duen batek.