Internetaren Nazioarteko Eguna ospatu berri da. 2005ean du jatorria egun horrek, eta hasiera batean urrian ospatzen zen arren, maiatzaren 17ra aurreratu zuten. Gazteak dira Interneten erabiltzaile nagusiak; Eustat euskal institutuaren arabera, 15-24 urte arteko ia guztiek (%99,4k) erabiltzen du Internet.
Ikerketa horren arabera, Interneteko erabiltzaileen %98k Whatsapp eta antzeko mezularitza aplikazioetarako erabiltzen du sarea, eta %87ak gainerako sare sozialetan parte hartzeko. Sare sozial horien inguruko ikerketa egin zuen Euskal Gazteriaren Behatokiak 2021. urtean. Bertan, adin tarte zabalagoa aztertu zuten (15etik 29 urtera) eta hirutan banatu zuten. Alde nabarmenak daude tarte bakoitzean erabiltzen diren sare sozialen artean.
Whatsapp nagusi
Ikerketa horretan, Eustaten datuetan ez bezala, Whatsapp aplikazioa sare sozialen barnean sartu zuten, eta horixe da adin tarte guztietan erabilpen handiena duena. Halere, joera beheranzkoa dela dirudi; gazteenak (15-19 adin tartekoak) dira gutxien erabiltzen dutenak. Instagram eta YouTube doaz jarraian eta, aldea txikia bada ere, horiek ere gazteenek erabiltzen dituzte gehien.
Aldeak nabariagoak dira Snapchat zein TikToken. Horietan 15 eta 19 urte artekoak dira, nabarmen, gehien erabiltzen dutenak. Adin tarte horretako ia erdiak erabiltzen du TikTok. 20 eta 24 urte artekoetan, aldiz, bostetik batek; eta, 25-29 tartekoetan, hamarretik batek. Twitch zuzeneko transmisioetarako plataforma ere gazteenek erabiltzen dute gehien.
Facebook, geroz eta gutxiago
Kontrakoa gertatzen da Facebookekin. 30 urtetik gertuen daudenen artean, erdiak erabiltzen du. 20-24 urte artekoetan, ostera, laurdenak soilik erabiltzen du eta, gazteenen artean, %8k baino ez. Twitterreko erabiltzaileei dagokienez, 20-24 urte artekoak dira nagusi. Adin tarte horretakoen erdiak erabiltzen du Twitter.
Lan arloko sareei dagokienez, gazteenak dira Linkedin gutxien erabiltzen dutenak, eta gainerako bi adin tarteetan, %40 inguruko erabilera du. Tinder eta antzeko hitzorduetarako aplikazioetan ere 20 eta 30 urte artekoak dira gehien erabiltzen dutenak, %8 inguruk dio horrelakoak erabiltzen dituela.