Haur Hezkuntzako irakaslea da Jaione Castrillo Aduriz (Astigarraga, 1982), eta Itsasondoko Itturritxiki guraso elkarteko kidea. Haurren hezkuntzak arduratzen du, «egungo eta etorkizuneko gizartearen giltza baitira haurrak».
Guraso elkartetik zer ekintza antolatzen dituzue urtean zehar?
Gau Beltza, azken urteetan indarra hartuz doana, Gaztainjana, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, Mendi irteera, gurasoentzat hitzaldiak, goizetako zaintza eta eskola kirola antolatzen ditugu.
Zer zaletasun dituzu?
Musika, txikitatik, trikitia eta eskusoinua jotzen ditut. Horrez gain, eskulanak egitea izugarri gustatzen zait, alanbrea lantzeko zaletasuna dut.
Pelikula bat edo telesail bat.
Gaztetan Friends telesaila gustuko nuen, eta gaur egun ere gustura ikusten dut atalen bat edo beste.
Liburu bat.
La calle de la Juderia aspaldian irakurri nuen baina oraindik ere gogoan dut, eta azken irakurketen artean Miñan.
Musika talde edo abeslari bat.
Amak.
Abesti bat.
Txoriak txori.
Oporretarako leku bat.
Momentu honetan, igerilekua edo hondartza duen leku ederren bat.
Zer gosaltzen duzu?
Kafea ezin falta gosarian.
Kolore bat.
Urdina.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Bi ditut, semeen jaiotza egunak.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Ezkontza egunean familiako hainbat kidek guri dantzatzeko agurra ikasten aritu zirela ohartzea.
Amets bat.
Familiarekin bidaia handi bat egitea, Perura adibidez.
Bizitzako plazer txiki bat.
Lo egitea.
Goierriko txoko bat.
Urkia.
Itsasondon biziko ez bazina…
Astigarragan biziko nintzateke.