Beasain Jaietan urtekariaren lehen alea argitaratu zela mendea beteko da gaur zortzi. Gainera, bi urteko etenaren ostean, Beti-Bizi elkarteak 2022ko Beasain Jaietan urtekaria ere kaleratuko du. Larunbatean eta astelehenean salduko dute.
Aurtengo urtekaria, hortaz, ez da ehungarren alea izango, 67.na izango da, zehazki. Pandemiak eragindakoa ez da Beasain Jaietan-en lehen etena izan. Bost etapatan argitaratu da: 1922. urtetik 1927ra; 1935. urtean, ale solte bat; 1947tik 1967ra; 1973. urtean, beste ale solte bat argitaratu zen; eta 1979. urtetik aurrera, 2019ra arte. «Beti-Bizi elkartea 1979. urtean sortu zen. Garaiko helduenek gogoan zuten urtekari bat argitaratzen zela festetan, estimu handitan zutena, eta berriz ekitea proposatu zuten», oroitu du Juanjo Ruiz Beti-Bizi elkarteko Kultur saileko kideak. Lekukoa hartu zutenean bera nerabe bat besterik ez zela adierazi du.
Hasierak «zailak» izan zirela gogoan du. Ez zegoen gaur egungo baliabide teknologikorik, eta laguntzaileak ere ez ziren egun bezainbeste. Orain errazagoa dela dio. «Urtero lan molde bera erabiltzen dugu gutxi gorabehera, eta puntua hartuta diogu», azaldu du. Gainera, urtetik urtera herritar gehiagok eta elkarte gehiagok kolaboratzen dute.
Halere, dena ez da gozoa: erreleboa ez dago ziurtatuta. «Urtekariaren baitan lanean aritzen garenok geroz eta zaharragoak gara, eta irakurleen batez besteko adina ere gora doa. Zailtasunak ditugu 35 urtetik beherako beasaindarrengana heltzeko», onartu du. Pentsa, duela urte batzuk urtekariko letren tamaina handitu egin zuten irakurleen eskariz, irakurtzeko zaila zela esaten baitzieten. «Gazteengana errazago iristeko duela urte batzuk ale guztiak digitalizatu egin genituen, Beasaingo Udalaren laguntzarekin. Ale guztiak sarean daude», gaineratu du Ruizek.
Herriko istorio ugari jasotzen ditu
Sareaz gain, analogikoan ere ale guztiak txukun-txukun dituzte gordeta. Beti-Bizikoek diote beharrezkoa dela gordetzea. «Sekulako altxorrak dira», azpimarratu dute. «Herri gutxik izango dute horrenbeste historia gordeta».
Istorio bitxiak daude jasota. Esaterako, 1926ko alean beasaindar asko gaixotu zirela aipatzen da, eta gripeak ekiditeko hainbat aholku eman zituzten. Agian, garaiak ez dira horrenbeste aldatu.
Aleek sekulako garapena izan dute, dena den. Duela ehun urteko lehen aleak zortzi orrialde zituen soilik, denak zuri-beltzean ziren eta bost argazkirekin. 10 pezeta balio zituen, gaur egungo sei zentimo. Dena gaztelaniaz zen gainera, izenburua bera barne: Beasain festivo. 1979. urtean aldatu zioten izena, nahiz eta mamiaren gehiengoa oraindik ere gaztelaniaz izan. 2019ko aleak ia 200 orri zituen, guztiak koloretan.
Gertakariez gain, elkarrizketak, herriari lotutako erreportaje historikoak, gizarte kutsukoak, bertsoak, karte irekiak… ere idazten dira.