Xabier Txasko Aramendi (Beasain, 1968) hamazazpi urterekin hasi zen danborradan, aitari segika. Danbor Nagusi izatera heldu da. «Bizi osoa daramat danborradan, eta kargu gorena eskaintzeak ilusio handia egin zidan».
Danbor Nagusiaren ardurak zeintzuk dira?
Danborrada eta musika uztartzea da nire ardura handiena: Musika bandak bere zuzendaria du eta danborradak, berea. Nik bien arteko batasun lanak egiten ditut.
Solfeo ikasketarik behar da?
Danborra jotzeko, ez. Nahikoa da zuzendariaren esanei jaramon egitea. Baina Danbor Nagusi izateko musika apur bat jakin behar da, bandarekin harreman zuzena duzulako.
Musika ikasketak izango dituzu, hortaz.
Solfeoa, armonia, korala… txikitatik jaso ditut. Eta musika ere asko entzuten dut. Zenbat eta genero gehiago, hobe. Iruditzen zait azken aldian bakoitza bere gustuetan lerratzen ari garela, eta aukera zabala baztertzen dugula. Musika kultura da.
Danborradak zer sinbolismo du zuretzat?
Danborradak tradizio bilakatu dira. Parte hartzeko ilusioagatik ekiten diozu, baina egun antolaketa lanetan nabil tradizioa galdu ez dadin. Apurka-apurka, bizi guztiko tradizioak galtzen doazela iruditzen zait: jendeak ez du lanik egin nahi, ez zaizkio gustatzen, nahiago dute kanpora joan jai egunak baliatuta…
Danborrada galtzeko arriskuan dago?
Egon da. Ez dut esango desagertzeko puntuan egon zenik baina… Konpainiek ez zuten jende nahikorik, eta binaka edo hirunaka elkartu beharra izaten genuen, handik eta hemendik jende gaztearen bila… Beasaingo Udalak deitu gintuen pandemiak eragindako etenaldia baliatuta aldaketa bat egiteko: jende gutxiago aterako da, baina aterako dena gogotsu aterako da. Aspalditik nahi genuen halako aldaketa bat.
«Jende gutxiago aterako da, baina aspalditik nahi genuen halako aldaketa bat»
Zenbat lagun irtengo zarete?
110 heldu eta 120 haur, gutxi gorabehera.
Haurrek eta helduek batera joko dituzte pieza batzuk.
Haurren danborrada ere larunbat arratsaldean egingo da. 17:30 aldera irtengo dira, 18:30 aldera plazara iristeko. Bertan, helduen danborrada zain izango dute. Hiru pieza joko dituzte elkarrekin eta, tartean, herriko pertsona bat omenduko dugu. Amaitutakoan, helduen desfilea hasiko da.
Ibilbidea betikoa izango da?
Nafarroa Etorbidea, Kale Nagusia eta Jose Migel Iturriotz kaleak zeharkatuko ditugu. Oriamendi eta San Inazio kaleak ere ukituko ditugu, sekula egin ez duguna. Ibilbide motzagoa da, baina musikari gisa gehiago gustatzen zait. Zuzeneko musika izango dugu, eta horrek dotoretu egiten du.
Urduri zaude formatu berria nola irtengo den?
Urduri duela hilabete nengoen. Orain nahikoa lasai nago, jendeak erantzun du-eta.
Zergatik zenituzten horrenbesteko zailtasunak jendea erakartzeko?
Danborrada elkarteek antolatzen dute, udalaren laguntzarekin. Elkarteetan ere ez dago lehengo bizirik, eta dabilena geroz eta zaharragoa da eta festetan irtetea gehiago kostatzen zaio.