Alaitz Otaegi Eskisabel • Legorreta
Nerabe garaian gure planetako bat taldean egun pasak egitea izaten zen, alde batetik inguruko txokoak ezagutuz; Beizamara, Herniora eta ondoren Zelatungo erromeriara… Lagunen arteko harremanak garatzeko balio izan zigun, baita taldekideen senideekin ere. Primeran pasatzen genuen, abestuz, dantzatuz, jolastuz.
Txoko horietara joateko bideak ez genekizkien, baina laguntzeko prest edukitzen genuen gure aita [Jexux], bide lagun izateko naturaren eta bizitzaren lotura miresgarria ezagutuz. Belaunaldi ezberdinen arteko aberastasunaz konturatzeko ere balio izan zigun.
Aitak belaunaldi desberdinen lotura eta bere zaletasuna (pasioa) lotzea gogoko zuen, udaberrian zizatan eta udazkenean onddotan. Herriko edo familiako talde bat joaten ginen Pirinioetara, gehienetan Belagua aldera, udaberriko berdetasunaren artean zizen usain berezia bilatzera, bide batez asteburu ederrak pasaz elkarbizitza ederrean. Behin, gauez iritsi eta kanpin denda jartzen arazoak, Eibarko batzuk lagundu ziguten zutik jartzen, umore ederrean afalduz egunari amaiera emanaz. Udazkenean eta urte guztian zehar inguruko mendietara jotzen zuen naturarekin kontaktuan egonez.
Nerabezaroan gure kabuz beste egun pasa batzuk antolatzen genituen, Ikastoletako jaietara adibidez.
Azentzioak
Garai honetan hasi ginen herriko festetan parte hartzen. Batez ere hiru ekitaldi izaten genituen jomugan. Batetik, asteazkenekoa, Azentzio bezperako gazteen afaria. Ekitaldi honetan kuadrilla batek prestatzen zuen beste guztientzako afaria, hor ibiltzen ginen zer erosi ez genekiela…Otordu honek herriko gazteen harremanak sustatzen zituen.
Bestetik, larunbatean paella lehiaketa eta mozorroak. Egun borobila. Paellarako erosketak egin, baliabideak ekarri (mahaiak, sua…) ondoren lagun artean herri bazkaria eginez. Mozorroak prestatzea hilabetetako lana izaten zen, inauterien ondoren mozorroa aukeratzea izaten zen lehenengo pausoa (erabaki nagusia), gero nola egin erabaki, eskura genituen baliabideekin: kartoia, maindireak, sehaskak. Partxisa, txerria, ipotxak izan ziren mozorroetako batzuk. Ipotxez mozorrotu ginen egunean nahiko barre egin zuten herritarrek, hankak oso motzak baikenituen eta horiekk altxatzean ipurdien mugimenduak grazia egiten baitzuen.
Legorretan festetan blusak garrantzi handia du, asteazkenean jantzi eta festak bukatu arte ez baita besterik janzten belaunaldi desberdinetakoen artean. Herriaren kolorea zein kale giroa berotzen ditu. Gaur egunean ere ekitaldi horiek herriko festetan izaten dira.
Gora Azentzioak!