Leku-izenak izen propioak diren neurrian ez dute adierarik eta ez dira hiztegi arruntetan topatzen. Alferrik ibiliko gara Elhuyar hiztegian Aierdi, Atagoiti edo Zubilleta izenen esanahia bilatzen, ez baitute esanahirik. Sortu zirenean, duela mende asko (goiko adibideen kasuan), ordea, kontuak bestelakoak izango ziren. Bazuten esanahia, hitz edo esamolde arruntak ziren neurrian. ‘Aierdiak’ leku aldapatsuak izango ziren; ‘ate gutiak’, mendate txikiak; ‘zuhilak,’ trongoak edo egur hilak… Erabiliaren erabiliz, hitz edo esamolde arrunt horiek izen propio bilakatu ziren, nahiz eta herritarren hizkera-moldeak aldatu. ‘Aiher’ hitza galdu egin da Goierrin eta, haren ordez, ‘aldapa’ eta ‘erripa’ nagusitu dira gero; ‘ate’ hitza ‘gain’ bilakatu da; ‘guti’ hitza, ‘txiki’; ‘zuhil’, ‘egur’… Alabaina, aspaldi sortutako leku-izen asko gorde egin dira eta oraindik ere bizirik daude, aldaketa batzuk gorabehera.
Otsaurte leku-izenarekin gauza bera gertatu da. Erdi Aroan izen arrunta izango zen, baina denborarekin izen propio bilakatu zen hainbat lekutan. Izan ere, guretzat Otsaurte bakarra badago ere, gehiago ere badira Gipuzkoan eta Nafarroan zehar.
Goierritarrok Otsaurte leku-izena Zegama eta Partzoneria artean dagoen mendatea erreferitzeko erabiltzen dugu eta ondo ezagutzen dugu, besteak beste, bertan dagoen bentarengatik, dena esan behar bada. Zegamarrek /otsáartè/ ahoskatzen dute eta azpimarratu beharra dago oso izen zaharra dela, XV. eta XVI. mendeetako agirietan aipatzen baita, aldaera hauekin: Osaurtebea (1430), Osaurte (1574).
Leku-izenaren etimologiari begira jarriz, bi osagai ditugula esan behar da lehenik: ‘otso’ eta ‘urte’. Lehenengo osagaiak Gipuzkoan XX. mendearen hasieran desagertu zen basa-animaliari egiten dio erreferentzia, eta ez ‘hotz’ hitzari Otzaurte aldaerak iradokitzen duen bezala. Pentsa liteke azken aldaera hori Zegamatik kanpo asmatu eta tren-geltoki ezagunari esker zabaldu zela.
‘Urte’ osagaia: pasabidea
Bigarren osagaiak, berriz, mendate edo paso adiera dauka, ez baita ‘urte’ amaiera duen mendate bakarra Goierrin. Hortxe ditugu Oaçurtia (1401) eta Mendiaçuurte (1401) Legazpi eta Zegaman artean, eta Urretxu eta Antzuola artean, hurrenez hurren. Lehengoa, gaur egun Oazurtze izenez ezagutzen da, eta bigarrena, Mendiako zabala izenez. 1418. urtean Partzoneriako testu zaharretan aipatzen den Ochopasatola izenak, Otsaurte izeneko lekuari lotuak, hipotesi hori indartzera dator.
Hortaz, Otsaurte leku-izenak jatorrian, izen propio bilakatu aurretik, bazuen esanahia eta hauxe zen: ‘otso urtea’ edo ‘otso pasabidea’. Horrelako esamoldeak ohikoak dira otsoa bizi izan den lekuetan, eta ez bakarrik Euskal Herrian. Aitor Azpiazu ikerlariak oso ondo azaldu zuen kontu hori Burdinola elkarteak argitaratutako Txinpartak aldizkariko 34. zenbakian, Otsoa Aizkorrondoan: apunteak eta osagarriak artikuluan.