Danel Perez Martin (Ordizia, 2004) atletak denboraldi bikaina osatu du pista estalian eta aire zabalekoa ere bikain hasi du. 20 urtez azpiko mailan, Euskadiko txapelduna da gorako zein luzerako jauzietan.
Emaitza bikainak lortu dituzu pista estaliko denboraldian. Zein nabarmenduko zenuke?
Gorako jauziko Espainiako Txapelketa nabarmenduko nuke. Antequeran [Andaluzia, Espainia] izan zen, eta bigarren aldia nuen Espainiakoetan. Marka on batekin iritsi nintzen, baina hori hobetzea lortu nuen. Laugarren postuan sailkatu nintzen, hirugarrenarekin berdinduta, baina baliogabeko jauzi gehiagorekin. 1,97 metroko jauzia egin nuen, eta bi metroko saiakeran, ia-ia lortu nuen.
Gorako jauziaz gainera, luzerako jauzian ere aritzen zara, ezta?
Bai, hori da. Luzerakoa tartekatzen dut gorako jauziarekin. Salto hirukoitza ere probatu izan dut eta abiadura ere egiten dut: pista estalian, 60 metrokoa, eta aire zabalean, 100 metrokoa.
Uztartu daitezke jauzia eta abiadura?
Bai. Azken finean, jauzietarako abiadura ere beharrezkoa da. Beraz, abiadurako proba motzak ondo datozkit sentsazioak hartzeko ere. Halere, gorako jauzia dut gustukoena, txikitatik, eskolan hasi ginenetik, egin dudan proba hori izan baita.
Aire zabaleko denboraldia ere ondo hasi duzu…
Duela gutxi hasi da eta bi probatan hartu dut parte. Euskadiko hogei urtez azpiko txapelketa izan zen lehena, Durangon [Bizkaia]. Bertan, luzerako jauzian, marka pertsonala jarri nuen 6,81 metrorekin eta txapelketa irabazi nuen. Gorako jauzian ere txapelketa irabaztea lortu nuen, baina ez nintzen sentsazio onekin geratu.
Gerora, Realaren taldearekin Espainiako Ligako proba batean parte hartzeko aukera izan dut Badajozen [Extremadura, Espainia]. Oso esperientzia polita izan da.
Geratzen den denboraldi zatirako zein dira zure helburuak?
Denboraldia amaitzerako gorako jauzian bi metroko langa igaro nahiko nuke eta luzerakoan, zazpi metrokoa. Hortik gora dagoen guztia ongi etorria izango da. Espainiako Txapelketak uztailean izango dira, eta bertan, postu on bat lortu nahiko nuke.
Ikasketekin nola uztartzen duzu atletismoa?
Bigarren batxilergoa amaitu dut jada eta, orain, unibertsitateko sarbide proba prestatzen ari naiz. Beraz, ondo uztartu behar dira ikasketak eta atletismoa, biak egin ahal izateko. Datorren ikasturtean ingeniaritza mekanikoa ikasi nahiko nuke eta atletismoarekin ere jarraitzeko asmoa dut.