Beasaingo Udalak balorazio «oso positiboa» egiten du herriko eragile ekonomikoak Berrabiarazi proiektuan izaten ari diren parte hartzearekin. Formakuntzan eta digitalizazioan inbertitu behar dela argi du udalak, eta aukeraz baliatzeko deia egin die sektore ezberdinei.
Krisi hau aukera baliatzea izan da ekimen honen nahia. Horregatik eman genuen pausua. Horretarako diagnosia egin eta zailtasun handienak dituzten enpresei, txikienei alegia, etorkizunari begira jartzeko apustuan laguntzeko sortu zen proiektua». Leire Artola Beasaingo alkateak hitz horiekin laburbildu du Berrabiarazi proiektuaren izatea. Are gehiago, ernaimuina zein izan zen ere gogoratu du. «Pandemia gure udalerriko ehun industriala gogor kolpatzen ari zela ohartu, eta Beasaingo udal gobernu bezala Goiekiri proposamena egin genion, udal bezala gure enpresak etorkizunari begira jartzeko dirua jarriko genuela. Ondoren, eskualdeko beste udalerri batzuk batu ziren proiektura».
Artolak balorazio «oso positiboa» egiten du Beasaingo enpresak Berrabiarazi proiektuan izaten ari diren parte hartzearekin. «Ez da ahaztu behar udalerriaren eta bere biztanleriaren euskarri ekonomiko garrantzitsuena direla tokiko enpresak, are gehiago jakinik nagusiki industriatik bizi den herri eta eskualde bat garela». Eta inbertsioak non egin behar diren argi du. «Nagusiki pertsonen formazioan eta digitalizazioan. Hala erakutsi digu diagnostikoak. Enpresa txikiak dira laguntza eta behar gehiena dutenak, eta horretara zuzendu ditu udalak bere baliabideak».
Erakundeak eragileen bidelagun
Beasaingo alkatearen iritziz, enpresek egunerokoa dute eraldaketa, eta gutxi dira orain hamar urte egiten zuten gauza berbera modu berean egiten ari diren enpresak. Krisi garaietan, ordea, «erakundeak ondoan» egon behar dutela uste du, «indar eta baliabideak jarriz etorkizunerako pausuak» eman ditzaten. «Eta are gehiago prezioen etengabeko igoera batzen badiogu, oso zaila suertatzen ari baitzaie enpresei konpetitibitateari eustea».
Industria ez ezik, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreak «funtsezko elementutzat» ditu Artolak, bai gizarte egitura aldetik bai tokiko ekonomiaren eragile diren aldetik. «Herriaren eta auzoen nortasuna eraikitzeko ardatza dira. Udal gobernuak tokiko enplegu eta ekonomiaren sustapenaren ardatz estrategikotzat du sektore hau, eta ugariak izan dira horiei laguntzeko sortutako ekimenak».
Osasun krisiak «gogor astindu» duen sektorea izan da, eta udal gobernuak azken bi urteotan abiatutako hainbat neurri aringarri zerrendatu ditu: zuzeneko diru-laguntzak behartutako itxierengatik, zabor eta ur tasetan hobariak, higiene eta desinfekzio gailuak erosteko diru-laguntzak, mahaien tasetan hobariak, eta salbuespen gisa, mahaien kopurua handitzeko aukera. «Laguntza guztiak ez dira nahi adinakoak izango, baina guztion ahaleginari esker egoera hobetuz doala nabari da».
Aholkulariekin orpoz orpo lanean
Salbatore auzoko Otaizabal Aroztegiak Berrabiaraziko Indargune proiektuan parte hartu du. «Dena ondo doanean eta arazorik ez dagoenean laguntzarik ez da behar izaten, baina osasun krisiak denoi eragin digu, eta konfinamenduaren ondoren gure egoera berezia zen, delikatua», gogoratu du Uxua Barandiaran kudeatzaileak.
Goieki jarri zen harekin harremanetan, eta enpresaren diagnostikoa egin ondoren, eta zituzten indargune eta ahulguneak atzeman ondoren, aurrera begira jarri eta plan estrategiko diseinatu dute. «Lanketa prozesua aholkularitza enpresa batekin bideratu behar zela esan zigun Goiekik, eta orain horretan ari gara, hilean behin bilerak eginez, astean bitan harremana mantenduz…».
Berrabiarazi «oso lagungarri» suertatu zaie, eta «oso eskertuta» daude jasotako laguntzarekin. «Enpresaren ardura gehiena nire kargu geldituko da aurki osabaren jubilazioa dela-eta, eta hori oinarri hartuta, enpresaren etorkizuna ondo-ondo finkatzen ari gara. Niretzat inflexio puntu bat izan da».
Formakuntza saio baliagarriak
Amatasun baja bete-betean harrapatu zuen pandemiak Garbiñe Irizar argazkilaria (meetmeinthenorth.com). Orain zazpi urte jarri zuen martxan bere ekintzailetza proiektua, Goiekirekin inkubategitik pasa ondoren. «Goieki jarri zen nirekin harremanetan, eta deitu ondoren barne hausnarketa bat egin nuen, jakiteko ekonomikoki zer kalte izan nuen. Nire diru-sarreren %50 ekitaldiak ziren, dena bertan behera gelditu zen, eta kolpe gogorra izan zen, baina okerragoa ere izan zitekeen».
Berrabiaraziren harira sortu diren formakuntza saio hainbatetan parte hartu du (branding-a, TicketBai, finantzak…), eta baliagarriak izaten ari zaizkio. «Oso aberasgarriak dira, eta oso erakargarriak. Zure ogibidea ez diren beste arlo guztiez jakiteko asko laguntzen dizute, eta beste ekintzaile batzuekin sinergiak lortzeko ere balio dute».
155
Ekintzetan parte hartzen ari den Beasaingo enpresa kopurua. Elektromugikortasuna (13), Nazioartekotzea (16), Enpresak eraldatuz (2), Digitalizazioa industrian (41), Enpresen dibertsifikazioa (13), ETEen formakuntza saioak (49), Indargune ekimena (1), Goierriko Azoka (20) eta Goierriko merkataritza mahaia (3).