Maddi Erauskin • Norabide egokian ote?
Eguraldi ona hasi da, uda usaina sumatzen da kaleetan eta emozioak pil-pilean ditugu guztiok. Honek berarekin, arropa aldaketa dakar… Lehenengo gauza, joan zen urteko armairura jotzea izaten da, eta hor hasten da buruhaustea. Nik banuen gona txuri bat, eta niki loredun hura? Probatzen hasi eta gerritik gora sartzeko gerrikoaren zulotxoetatik gogor tira egin behar! Ispiluan begiratu eta ikusten den hori ez da irailean zen hura. Hanken eta gonaren tonua ia bera da, eta izterretako zulotxoek nabarmen egin dute gora! Horrela jarri behar naiz bainujantzian? Oraindik garaiz nabil. Bilatzailera jo eta sare sozialekin topo, egungo tresna azkar eta eraginkorrenak.
Instagram begiratu eta influentzerrak, zenbait gazteren isla diren gorputz perfektuak; eguzki izpiek arrastoa utzitako zenbait soin, euren gorputzari begira bizi direnak. Majo aldatu da mundua! Baina ikusten den hori, erreala ote da? Zoriontasuna gorputz batean topa al daiteke?
Gogoan izan, bizitza, ispilu baten modukoa da; irribarretsu egiten zaitu irribarrez begiratuz gero. Beraz, ikas dezagun, geure burua maitatzen, bakoitza garen bezalakoa onartzen eta inguruko esanak belarri batetik sartu eta bestetik ateratzen! Bizitzako ikasketa prozesu garrantzitsuena gainditzea norberaren baitan dago!