Aurkikuntza baliotsua egin zuen iaz Segurako Erraztiolatza Museoko Rafa Berasategik, lagun baten bidez, Parisko zaharkin saltoki batean: Seguran 1740an idatzitako eskola-liburu bat. Hezkuntza elitearen kontua zen artean, eta ikasteko materiala oso urria. XIX. mendean ugaritu ziren pedagogiak eta didaktika liburuak, baina oso ezohikoa da XVIII.ean halakorik aurkitzea.
Seguran egin zuten liburua. Francisco Xabier Mendiolatza apaizak eskuz idatzia da, gaztelaniaz eta latinez. 90 orrialde ditu. Idiazabalgo Mendiolatza baserriko jatorrikoa, baina jaiotzez segurarra zen bikarioa; kanpoko bikariorik jartzerik ez zuen baimentzen Segurako Kontzejuak, apaiz hark ematen zizkielako eskolak aberatsen haurrei.
Bere horretan, zahartasunagatik soilik altxor bikaina da liburua. Are gehiago daukan edukiagatik: Segurari buruz garaiko informazio asko eta interesgarria du Mendiolatzaren liburuak. Horrez gain, jakintza orokorreko eduki mordoa ere bai: txanpon desberdinen baliokidetza-taulak, 1700etik aurrerako tenporak, zenbaki altuen matematika-taulak, itsasgoren eta itsabeheren taulak (Europakoak nahiz Amerikakoak), eguzkiaren posizioaren graduak irudi ikusgarriarekin…
Badirudi, beraz, adinez kozkortutako gaztetxoentzat prestatutako liburua dela. Seguran 1740an zeuden familien abizen guztien zerrenda ere badauka, alfabetikoki ordenatuta.
Moralitatea, besteentzat
Apaiza izanik, moralari buruzko aginduak eta arauak eman gabe ezin geratu, eta bereak utzi zituen Mendiolatzak. Segurako urteko festa erlijioso eta zibil (merkatu eta beste) guztiak aipatzen ditu, eta horietan gizon-emakumeek gorde beharreko jokaerak, egunez zein gauez. Apaizekin eta mojekin larrutan egitea debekatzen zuen, pekatu mortala zela ohartaraziz; baina ez erlijiosoentzat, besteentzat baizik. «Moroekin eta judutarrekin» sexu harremanak izatea ere espreski debekatu zuen.
Elizari dagokionez, Seguran 1740an bederatzi hileta mota zeudela zerrendatu zuen, bakoitzaren prezioarekin: hileta nagusia idiekin (segiziorako), 58,58 erreal; idirik gabe 51,58; meza kantatuarekin 23,24, kantatu gabekoa, hileta ertaina gauekoekin 6,19, jaioberrien hileta, 1.mailakoa 38,24 erreal…
Beste agiri eta herentzia-eskritura batzuetan ere agertzen da Mendiolatza bikarioa, lekuko gisa. Besteentzat zeuzkan arauak ez zituen, nonbait, beretzat aplikatu. Bere gestioengatik portzentaia bat kobratzen zuen, baina beti bere anaiaren izenean jarrita, berean jarriz gero elizarentzat zatekeelako.
Andre Mari elizako San Pauloren estatua berritu zuen artistak ere mezu sekretu bat utzi zuen, 15 metroko altueran, santua irakurtzen ari den liburu gainean: «El año de 1749 se doró y se estofó este San Pablo y el resto de los santos y se acabó de dorar todo este retablo este dicho año por Manuel de Alquiza Leete, natural de San Sebastian, fue perseguido por el bicario Mendiolaza».