Judit Garcia Llorens • Baserritarra
Elikagaien balio katea aipatzen duten albiste batzuk entzunda, harrituta geratzen naiz mezuak zer erraz nahasten dizkiguten ikusita, ingelesa eta beste hitz potoloak erabiliz, benetako mamia estaltzeko.
Albiste horietako bat aurreikuspen onak dituzten elikagaien banaketa enpresen estrategiari buruzkoa zen. Behartuak eta artifizialak iruditzen zaizkit erabiltzen dituzten propagandako leloak, sinesgarritasun falta darie nire iritziz. Edozein aurkezpenaren aurretik txikleak balira bezala, ohiko bihurtu diren leloak: iraunkortasuna, jasangarritasuna, osasuna, kilometro zeroa… Baina bukaeran, krisi garai honetan beste mezu garbia erantsita: elikagaien promozio kanpaina berezien iragarkia. Azaltzen ez dutena da, prezio merkeago horiek lortzeko zein estutuko duten, ekoizlea, ingurumena, kalitatea, denak…
Une honetan elikadura sisteman bi dimentsio ditugu, bata globalizatua, industriala, eta menpekotasun handia sortzen diguna, non balio katea oso luzea den eta baserritarra (baldin badago) zein jakiaren eduki naturala, gehiegitan hutsaren hurrengoak diren. Eta beste bat, katea askoz ere motzagoa duena, elikagaien ekoizpen lokalari lotutakoa, salmenta bide laburrekoa eta ekologikoagoa. Lehenengoa hegemonikoa da gurean, baina bigarrenaren irudia eta balioak erabiltzen ditu etengabe bere propagandan.
Hurrengo albistea, BEC-en maiatzean ospatu den Food four future izeneko erakusketari buruzkoa. Bertan elikagaien balio kate osoko profesionalentzako berrikuntzak ikusteko parada omen zegoen. Hizlariak ikusita, industria eta banaketa (multinazionalak batez ere), errestaurazioa (goi mailakoa) eta administrazio ezberdinen ordezkapen zabala egon da. Lehenengo sektorea, berriz, kanpoan geratu dela ematen du.
Ikerketa, garapena eta berrikuntzan herri aurreratua izatea garrantzitsua da, baina garapen eredu iraunkorrarekin bat etorri beharko luke. Food four future izen horrekin pentsa daiteke populazioa era seguru eta osasungarri batean elikatzeko alternatibak eta berrikuntzak bilatzeko planteamenduak egongo direla. Baina begiratu bat emanda, galdera asko sortzen zaizkit: Berrikuntza horiek, zer elikagai mota sortzeko? Non eta zeinen esku egongo da ekoizpena? Zeinentzat? Nola banatuko/salduko dira? Zer preziotan? Ez dute oso herrikoia izateko itxurarik.
Elikagaien katea oso luzea izan daiteke, kate begi batzuk jarri eta kendu egin daitezke, baina ezinbestekoak (eta ahulenak era berean) elikagaiak sortzen dituztenak eta kontsumitzen dituztenak dira, baina horretaz hitz gutxi, eta ez da premiarik ez dagoelako.