Esan ohi da historiako aste jakin batzuetan hamarkada oso batetan ematen ez den gertaera garrantzitsu sorta eman daitekeela. 2020 urtea historiara pasako zela argi genuen urte hura bizitzen ari ginen bitartean, 2022ko lehen seihilabete hau ere boltaia altukoa izaten ari da. Herrialde eta bloke politiko eta ekonomikoek osatzen duten tektonika astindua jasotzen ari da Ukrainaren inguruan martxan jarri den mugimenduak. Halako egoerak prestatu, probokatu eta nahita eragiten dituzten aktore politiko eta faktikoetan pentsatuz 2018ko Vice (Adam McKay) etorri zait gogora.
Bertan George W. Bush presidente estatubatuarraren presidentetzan itxuraz kargu sinbolikoa izan zuen Dick Cheneyrengan zentratuz, garai haien kronika bat dugu ikusgai. Agintaldi hartan izandako gorabeheretan sakontzeko aukera ederra da filma, ikusteko oso atsegina, antzezlana bikaina izanik Bush, Cheney eta Rumsfeld hirukotea gorpuzteko. Baina oraintxe gertatzen ari denaren inguruan gure begirada zorrozteko eredu ere badela uste dut, botere handien esferetan historia aldatzen duten gertaerak eragiteko dagoen ahalmena, borondatea eta gupida falta ikusten direlako. Sinesten zailak egiten zaizkigun erabakiak hartzen dira eta ondoren komeni den bezala mozorrotuta ematen dira argitara gertaerak.
Hau konplementatzeko kontaera komenigarria zabaldu eta gandu informatiboa eragiteko komunikabideen konplizidade aktiboaren inguruko film bat bikaina litzateke, baina hori hurrengo baterako utziko dugu.