Nikolas Zabaleta Ormazabal • Zegama
Guk «peregrinazioa» esaten diogu eta kontatzen denez, gerra garaian inguruko erromesaldi asko galdu egin omen ziren, baina gureari, modu batera edo bestera eutsi egin omen zitzaion. Ni akordatzen naizenetik gaur egun arte, apurka-apurka aldaketatxo batzuk izan ditu joan-etorri honek, baina inoiz galdu ez duguna ilusioa eta poza izan dira.
Nire akorduan, gu motiko ginela, Arantzazura mendira joateko ohitura, orain bezala Pentekoste igandean izaten zen, baina orduan bazkal ondoan elkartzen ginen ibilaldia hasteko. Herriko plazatik, elizako bandera hartu eta herritarrak, apaiza eta udaletxeko agintariekin batera, Gurutze Santuko ermitaraino prozesioan joaten ginen. Han bi asto eta zaldi bat egoten ziren zain, gainean joateko beharra zeukanen bat eramateko. Astoak, bestelako kargak eramaten zituzten, txun-txuna eta txistua, bandera, bidean jateko guztientzako merienda… Gorospetik gora apeaderora, eta handik, Arriurdingo txaboletaraino jarraitzen genuen, han merienda jateko. Bitxikeria bezala, gogoratzen dut, gaztetxo ginela, lagunok honaino joaten ginela merienda jateko pozarekin, eta ondoren, berriz ere etxerako bidea hartzen genuela.
Hurrengo jomuga, ibilaldiko gaina hartzen den lekuan izaten zen, Biozkornako lepoan. Han Amabirjinaren silla esaten diogun harriaren bueltan, oraindik ere egiten den bezala, salbea errezatu ohi zen. Hemendik behera, Amabirjiaren iturria deitzen dioguna pasa ondoren, Arantzazura iritsi arte errosarioa errezatzeko ohitura zegoen.
Astoari jarraitzea seguruena
Astoek eta zaldiek Sindikako ikuiluan lo egiten zuten eta hurrengo egunean, Goiko Bentatik elizara prozesioa egin eta meza entzun ondoren berriz Zegamarako bidea hartzen genuen. Inoiz, bidean behelainoa sartuz gero, astoari jarraitzea izaten zen seguruena, etxerako norabidea zuzen hartzen zuelako.
Berastegi baserriko astoa urte askoan joan izan zen eta Dinti Barrenekoa ere batzuetan bai. Urte batzuetan, orain urte gutxi arte, bezperan, Juan Mari Ormazabalek erremolkean asto bat hartu eta Eskista inguruan dagoen txabola batera eramaten zuen. Hurrengo egunean, bazkaltzen genuen lekura (Amabirjinaren iturrira) eraman beharreko karga asto gainean eramaten zen. Gaur egun, Eskista inguruan bertan bazkaltzen dugu.
Gure astoari erretiroa
Gure etxetik ere, ni akordatzen naizenetik gaur arte, beti eraman izan dugu zaldia edo astoa. Aurten, azken
20 bat urtean eraman dugun astoa, zahartuta dago eta erretiroa emango diogu, ea besteren bat animatzen den erreleboa hartzera.