Patxi Zubizarreta Dorronsoro • Idazlea
1767ko ekainaren 15ean, Cosimo Piovasco di Rondo, 12 urteko mutikoa zuhaitz batera igo, eta harrezkero zuhaitzetan bizitzea erabaki zuen. Eta ez familiaren eskariek ez amodioaren erokeriek ez bizimodu erosoak lortu zuten baroi hegalaria arbolazko errepublika hartatik jaitsaraztea. Behin batez, orein baten adarretan katramilatu, baina orduan ere ez zen lurrera erori.
Gian dei Brughi bidelapurra Cosimoren bitartez irakurzaletu zen, eta baroiari argi esaten zion: «Liburu aspergarria ematen baldin badidak, braustakoan moztuko diat orain hagoen zuhaitzaren enborra». Haren hotsa bazter guztietara zabaldu zen eta Napoleon enperadorea bera ere bisita egitera hurbildu zitzaion. Halaxe kontatu zigun Italo Calvino idazle italiarrak Baroi igokaria nobela miresgarrian.
1997an, Julia Butterfly Hill, 23 urteko neska gaztea Luna izeneko sekuoiara igo zen, bi asterako ustez, baina azkenean 738 egun igaro behar izan zituen bertan, egur enpresek milaka urteko zuhaitza bota ez zezaten. Eta ez enpresari bihozgabeen helikopteroek, ez eguraldi gorriak, ez bizimodu erosoaren sedukzioak lortu zuten kattagorri hegalaria sekuoiatik jaitsaraztea.
Bere buruaren sendagile eta belagin, behin baino gehiagotan egur pusken laguntzarekin sendatu behar izan zituen bere hezur hautsiak. Animaliekin batera, adiskide ekologista eta jarraitzaile ugari hurbildu zitzaizkion laguntzera edo adoretzera, eta hamaika elkarrizketa egin behar izan zituen enpresariekin eta baita AEBetako Kongresuarekin ere, Luna bota ez zezaten. Halaxe kontatu zigun Juliak berak Lunaren ondarea liburu hunkigarrian.
Cosimok eta Juliak zuhaitzei begiratzen irakatsi ziguten: haien malgutasunean eta moldakortasunean datza bizitzearen sekretua; adaburuen goialdetik dena ttikiago eta hutsalago ageri da, ezertxo ere ez da uste bezain garrantzitsua.
Zuhaitzei begiratzea nork bere buruari begiratzea bezalakoa da. Oinak lurrean ongi atxikiak dauzkate, baina, infinitu minez, zerurantz zabaltzen dituzte besoak. Horrexegatik, zuhaitzei begiratzea zerura begiratzeko entrenatzea bezalako zerbait da. Eta bitxia da, baina liburuek ere erroak eta hegoak dauzkate, eta liburuei begiratzea zerura begiratzea bezalakoxea izan daiteke.