Gaztea da, baina dagoeneko punta-puntako mailan dabil Markel Vesga Izeta (Legazpi, 2006) xake jokalaria. Maila absolutuan bosgarren postua lortu du Euskadiko txapelketan eta bigarrena Gipuzkoakoan. Espainiako 16 urtez azpiko txapelketa du aurtengo helburu nagusitzat.
Azken asteburuetan txapelketaz txapelketa ibili zara.
Hondarribian Gipuzkoako txapelketa absolutua jokatu nuen. Bertan, bigarren postua lortu eta Euskadiko txapelketara sailkatu nintzen. Azken hori Bergaran izan da eta bosgarren amaitu nuen. Bestetik, Santanderren (Espainia) 16 urtez azpiko txapelketa garrantzitsu batean ere parte hartu dut, ia ehun partaiderekin.
Etxetik hurbilago, Urretxuko Eire txapelketa ere irabazi duzu aurten.
Bai, asko gustatzen zaidan txapelketa da, eta hirugarren urtez parte hartu dut. Maila nahiko ona egoten da.
Aurten jokatu dituzun beste probetan zer moduz aritu zara?
Aste Santuan, Torreviejako (Alacant, Herrialde Katalanak) txapelketa batean hartu nuen parte. Maisu handien aurka jokatu ahal izan nuen eta nire bizitzako txapelketarik onena osatu nuela esango nuke. Maisu horietako batzuei irabaztea lortu nuen eta beste batzuekin berdinduta amaitu nuen.
Euskadiko 16 urtez azpiko txapelketa ere aipatuko nahiko nuke, niretzako txapelketa garrantzitsuenetakoa da. Iaz irabazi egin nuen, baina aurten hirugarren izan naiz.
Euskadiko bi txapelketa irabazi zenituen iaz, ezta?
Bai, 16 urtez azpikoa eta 18 urtez azpikoa.
Eta Irlandako txapelketarena? Kontaidazu hori.
Abuztu amaieratik abendura arte Irlandan izan nintzen ikasten. Xakean jarraitzeko asmoa neukan eta hango federazioak laguntza handia eman zidan. Han, txapelketa guztiak Dublinen jokatzen dira, ni egon nintzen etxetik ordubetera dago. Egun batean, gaua pasatzen ere geratu behar izan nuen, baina federazioak asko lagundu zidan.
Txapelketa horietako bat Irlandako 16 urtez azpiko txapelketa izan zen, eta irabazi egin nuen. Halere, ez naiz Irlandako txapelduna, ez baitaukat hango nazionalitaterik.
Zeintzuk dira zure hurrengo helburuak?
Espainiako 16 urtez azpiko txapelketa da nire helburu nagusia, dudarik gabe. Bosgarren aldiz hartuko dut parte. Nire helburua irabaztea dela esatea agian gehiegizkoa da, baina horren bila noa!
Legazpiko Santikutz klubean aritzen zara. Jende asko al zaudete?
Bai, klubean kide dezente gaude, hiru talde ditugu. Txapelketa asko ez daude, baina jendea bai. Gazte batzuk bagauden arren, baina gehienak helduak dira. Gipuzkoako taldekako maila nagusian jokatu dugu aurten, eta igoera fasean aritu gara. Ezin izan dugu Euskal mailara igo, baina denboraldi ona egin dugu.
Ikasketak eta xakea ondo uztartzen dituzu?
DBHko laugarren maila amaitzen ari naiz. Denbora ahalik eta egokien kudeatzen saiatzen naiz, baina nahi baino gutxiago entrenatzen dut. Ingeleseko akademia batera joaten naiz eta judoan ere aritzen naiz. Denbora badaukat, baina ez gehiegi.
Eta xakean nola entrenatzen da?
Norbere kabuz egin daiteke, baita entrenatzaile batekin ere. Norbere kabuz aritzean, esaterako, partidak jokatu daitezke sarean. Elo rankingaren arabera, norbere mailako aurkarien aurka jokatu dezakegu. Bestetik, partidak analizatzea ere garrantzitsua da.
Beraz teknologiak xakean ere aldaketak ekarri ditu.
Izugarriak. Munduko xake jokalari onenaren eta ordenagailu baten arteko aldea, jada, sekulakoa da. Usain Bolt atleta Ferrari auto baten aurka jartzearen modukoa dela esaten dute.