Europan irakaskuntzaren mendetzat hartzen da XVIII.a. Aurreko mendeetako idealismo, enpirismo eta arrazionalismo korronteen eraginez, haurrei irakasteko ikasketa-planak hasi ziren. Irakaskuntza publikoaren hastapenak erne ziren, eta erlijioaren kortseetatik zerbait askatuz, beste jakintza eremu batzuei tokia egiten hasi zitzaizkien.
Hori, Europan. Euskal Herrian, eta horrenbestez Goierrin. Euskaldun elebakarrentzat irakaskuntza sistema arrotzak, gainera, are gehiago atzerarazi zuen eskolatzea. Xabier Alberdi eta Alvaro Aragon historialarien Euskarazko irakaskuntza Goierrin XVIII. mendeko bigarren erdian lanean (Lapurdum, 2004) argi adierazten da egoera: Goierrin, XVIII. mendearen bigarren erdia baino lehen, frogatu dute ez zela inoiz euskarazko irakaskuntzarik izan.
Agustin Kardaberazek euskara irakastearen beharra aldarrikatu zuen, 1761ean, Eusqueraren berri onac liburuan. Kristau dotrina haurren artean zabaltzeko izan arren. Umilak eta inolaz ere ohikoenak izan ez arren, Goierrin izan ziren saiakerak eskolan euskararen presentzia txertatzeko eta bermatzeko.
XVIII. mendean –eta XX. mendean ondo sartu arte–, haurrei lehen hezkuntza emateko ardura udalena zen. Hala, herriko agintariek maisuekin sinatutako kontratuetan ikus daiteke euskarak zer leku zuen, edo bazuen. Kontratuan, maisuak irakatsi beharreko ikasgai zerrenda zehazten zen.
Zenbait kasutan –bakanetan, egia esan–, euskarari aipamena egiten zitzaion lan hitzarmen horretan.
Ataunen eta Zaldibian, bi kasu
Gipuzkoako Protokoloen Agiritegian aurkitutako bi agirik erakusten dutenez, euskararen beharra derrigortu zieten maisuei. Zaldibian 1757ko martxoaren 15ean sinatu zuten ituna udalak eta Francisco Miguel Gurrutxaga maisu urrestillarrak. Haren egitekoa umeei irakurtzen, idazten, zenbatzen eta kristau dotrinaren oinarriak irakastea zen, kontratuak dioenez. Baita hizkuntzak ere: «El dicho Francisco Miguel de Gurruchaga (…) se obliga a enseñar a los niños y niñas (…) asi en la lengoa castellana como en la de bascuenze». Urte hartako urtarrilaren 1etik hasita, 9 urterako hartu zuten.
Bigarren agiria Ataunen 1791ko irailaren 18an Jose Joaquin Auzmendik udalarekin sinatutako lehen hezkuntzarako irakasle-kontratua da. Elizako organista ere bazen, 1785eko agindu batek bi lanbideak batu baitzituen. Umeei zer eta nola erakutsi behar zien, ordutegiak eta beste zenbait betebehar jarri ondoren, zer hizkuntzatan eman ere zehaztu zion udalak: «todas estas diligencias se hagan por la mañana en vascuence y por la tarde en castellano».
Salbuespena izan ziren, ordea.