Gaizka Oiartzabal • Tabernaria eta musikazalea
Batzuk herria egiten saiatzen dira. Beste batzuk ez dute horretan batere interesik, eta beste batzuk herria suntsitzen dute eta ez dira konturatzen. Batzuk ekitaldiak antolatzen dituzte herrian, auzoan, tabernan, beste batzuk debekatu egiten dituzte eta hainbatek ez ditu etsaiak ondo aukeratzen. Badaude lehen barrikadak egiten zituztenak, badaude lehen eta orain polizialki aurre egiten diotenak guztiari, eta badaude barrikadak egin ez eta taberna batean oldartzen direnak edo poliziarekin harreman berezia dutenak. Beti egon dira herriaren borondate eta maitasunarekin finantzatu direnak, badaude batzuk Venezuelatik jaso dutenak edo guztioi lapurtuz kaxa B-a egin dutenak…
Faxistak ez dira inoiz falta izan, pandemian batek baino gehiagok bere benetako pentsakera eta baloreak aurkitu ditu. Ezkertiarrak aldiz oso deskafeinatuak izan dira, eta benetazko komunistak kaleetan dauzkagu. Klase sozialak ere ez zaizkigu falta. Dauzkagu burgesak, burgesak eta sekula lan egin ez duten langileak. Edota, matxistak, feministak eta feminismoa despolitizatu nahi dutenak. Lehen gaztetxeak zeuden modu berdinean, eta orain langileen gune autogestionatuak. Ezin ahaztu, batzuk ez zituztela maite gaztetxeak eta ez dituztela maite orain ere, bilakaerak bilakaera. Bazeuden eta badaude presoen alde egin dutenak, gauza bat esan eta bestea egin dutenak, zuzenean beti aurka egon direnak eta bapatean kareta kentzen dutenak. Sare sozialetan badago adibide bat edo beste eta ez nuen hori espero hainbatetaz, egia esan. Damutuko zaie eta damutuko dira. Ea orduan nor den damutua.
Suposatzen da musikaz hitz egiten dudala hemen. Edo ez. Hainbeste gauza suposatzen dira eta gero ez dira horrela izaten. Behintzat abesti baterako ematen du gaiak. Bitartean adi egon, Zumarragako jaiak datoz eta. Uztailak 1-an daukagu zita. Gu geurera, herria egitera, borreroak badauzka eta milaka aurpegi.