Elikadura eta kontsumo arduratsua sustatzeko, ekoizpen ereduak ezagutu eta zuzeneko harremanean sakondu nahi dute Itsason hilaren 18ko jardunaldian.
Garaian garaikoa, eta bertan ekoitzitako produktuak kontsumitzea. Bertan ekoitzitakoa, bertakoek kontsumitzea. Horixe da Itsasoko herritarren filosofia, nahia eta helburua. Azken batean, kontsumo arduratsuarekin batera, norbanakoen erabakiekin mundu jasangarriago baterantz urratsak egitea. Era berean, tokiko enpleguaren alde eginez, herri jasangarri batean bihurtzea.
Itsason 2018an hasi zuten bertako produktuen sustapenerako ibilbidea. Herrian ekoizten zenaren katalagoa osatzea izan zen lehendabiziko lana, herritarren artean galdeketa bat eginda. itsaso.eus webgunean dago galdeketaren emaitza eta informazio osoa, Itsaso ezagutu atalaren barruan. Paperean ere argitaratzen dute herriko ekoizpenaren katalogoa, Gorka Sasieta Barrenetxea Itsasoko Udal Batzorde buruak adierazi duenez. «Eguneratu egiten da katalogoa. Formatu fisikoa paperezkoa da, baina diseinatzerakoan, kolarik gabe eta graparik gabe egiten dugu. Urtaroka aldatzen joaten gara bertan». Itsasoko produktuen armairua edo erakusleihoa ere jarria dute Ostatuan, ekoizleekin harremanetan jartzeko informazioarekin batera. Gabonei begira, Itsasoko produktuz osatutako saskiak ere salgai jartzen dituzte.
Itsason 2018an hasi zuten bertako produktuen sustapenerako ibilbidea. Katalagoa osatzea izan zen lehendabiziko lana
Elikadura eta kontsumo arduratsua sustatzeko ekoizpen ereduak ezagutzera emango dira ekainaren 18an
Ekoizpenaren katalagoari begiratuta, Itsason ia denetik dutela ondorioztatu daiteke. Fruitu lehorrak, zeramika, bitxiak, ogia, gozoak, barazkiak, fruta, marmelada, haragia, eztia, edaria… Aukera zabala dago Itsason, itsasoarrek egina. Sasietak nabarmendu duenez, «batez ere ekologikoan gabiltza ekoizle gehienok eta eskaera ere badago. Dena den, gure salmenta areagotzea baino, ekoizle gehiago animatzeko beharra dago gehiago. Alde horretatik ere bada proiektu honen guztiaren helburua».
Beste urrats bat gehiago
Honela, ekoizleek eta kontsumitzaileek osatutako herriko produktuen taldeak elikadura osasungarria eta kontsumo arduratsua abiapuntu hartuta, iaz beste urrats bat gehiago egitea erabaki zuten Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzarekin: bertako produktuen sustapenerako jardunaldia egitea. Aurten, bihar zortzi, ekainaren 18an, 17:00etatik 20:30era bitartean, bigarren jardunaldi-azoka egingo dute Itsasoko plazan jarriko duten karpan.
Gorka Sasieta Barrenetxea, Itsasoko Udal Batzorde burua:
«Benetan gizarte jasangarri bat egin nahi badugu, ezinbestekoa da jakiak tokian ekoiztea, eta modu ekologikoan»
Elikadura eta kontsumo arduratsua sustatzeko ekoizpen ereduak ezagutzera emango dira bertan, ekoizleekin zuzeneko harremanean sakonduz. Era berean, produktuen azokarekin batera, Zure platerean hasten da mundua dokumentala eta solasaldia, jendaurrean prestatutako jakien prestaketa eta dastaketa ere izango dira. «Sentsibilizazioaren haritik, garrantzitsua iruditu zitzaigun azoka bakarrik ez izatea».
Iaz, nutrizioaren inguruko hitzaldia eta tailerra egin zituzten Amaia Aierbe nutrizionistarekin, eta aurten On Produkzioak eta Landarlan elkarteak ekoitzitako Zure platerean hasten da mundua dokumentala emango dute. Amaieran solasaldia izango da dokumentalean ateratzen den ekoizleren batekin. «Erabat dator gure filosofiarekin. Laguntzaileen artean EH Kolektiboa dago eta herriko hiru ekoizle gaude talde horretan… Parte aktiboa izan dugu dokumentalean».
Egunarekin amaitzeko, parrillan bertako eta garaiko elikagaiekin prestatutako dastaketa afaria egingo dute. 80 bat lagunentzako tokia izango da.
Ekoizle berriak, kosta
2018tik gaur arte egindako ibilbidearen balorazioa eskatuta, Sasietak argi du itsasoarren artean kontzientzia zabaltzea lortu dutela. «Azterketa zehatzik ez dugu egin, baina ni neu ekoizlea naizen aldetik, egia esanda, guk produktu dezente saltzen dugu herrian bertan. Alde horretatik, nahiko pribilegiatu garela esango nuke. Hain herri txikia izanda ere, gure produkzioaren zati garrantzitsu bat herrian bertan saltzen dugu. Eta hori abantaila handia da».
Ekoizle berriak erakartzearena beste kontu bat da. «Kostatzen ari da. Egia esateko, eskualde mailan badago ekoizle berriren bat. Baina betiko arazoa dago hor, orokorrean: badago jendea zerbait egitea gustatuko litzaiokeena, baina lurrik ez daukana. Udaletatik eta administrazioetatik badago hor egin beharreko lan bat». Hala ere, datu baikor bat eman du Sasietak: «Ekologiko arloan kuriosoa da, Biolur elkartean, adibidez, nekazari kopurua igotzen ari da. Ekologiko arloan bai, baina orokorrean garbi dago sektorean ari den jendearen adinagatik jaisten ari dela».
Guztiak norabide berean
Ekoizleak eta kontsumitzaileak eskutik aritzea behar-beharrezkoa da, kontsumo arduratsutik. «Benetan gizarte jasangarri bat egin nahi badugu ezinbestekoa da jakiak tokian ekoiztea, eta modu ekologikoan». Izan ere, hautu horrekin «ekoizpenean eta garraioan energia beharra asko gutxitzen duelako, eta kanpoko faktoreekiko dependentziak murriztu egingo dira. Oraintxe ikusi da oso garbi, mundu mailan gerrateek eta elikagaien espekulazioak eragin duten krisiarekin».
Ekainaren 18an
Iaz hasitako bidetik, Elikadura eta Kontsumo arduratsua sustatzen jarraitze aldera, aurten II. Jardunaldia ekainaren 18rako antolatu dute Itsason.
Egitaraua
- 17:00-20:30. Azoka.
- 18:00-19:30. ‘Zure platerean hasten da mundua’ dokumentala eta solasaldia.
- 20:00. Sukaldaritza ikuskizuna. Bertako elikagai ekologikoen sukaldatze erakustaldia Ostatuko Manuren eskutik.
- 20:30. Dastaketa afaria. Prestatutako jaki goxoen dastaketa. Tiketak azokan bertan eskuragarri, 7 euroan.
Ekoizleak eta artisauak
- Ekoizleak: Itsasoko Hariztizabaleko (ogi, gaileta, ahabiak…), Urteaga-Urkulegiko (barazki, fruitu gorri, zukua…) eta Albitsubeheko (eztia); Olaberriko Behieko esnekiak.
- Artisauak: Itsasoko Pott Keramika (ontziteria…) eta Isla pitxiak (portzelanazko belarritakoak); Gabiriako Ehunduz (jantziak eta osagarriak) eta Araiz (eskuz eginiko bitxiak).