Jon De la Cuesta Barrutia • Barrutia farmazia (Beasain)
Begi lehorra begiaren gainazaleko gaixotasun bat da, non malko kalitatea edo kantitatea kaltetuta eta urrituta dauden. Lehortasuna, ikusmen lausoa, negar-jarioa, erre-sentsazioa edo harea moduko gorputz arrotzen bat dagoela nabaritu daiteke. Sintoma hauek desberdinak izango dira arazoa kokatzen den begi-geruzaren arabera, geruza urtsu edo lipidikoan.
Geruza urtsuan ura gailentzen da, muzilago proteikoen bidez begian atxikitzen eta zabaltzen dena. Jariapen urria edo desegokia ematen bada, ez da malkorik egongo eta begia benetan lehor edo negar-jario apur batekin geratuko da. Jariapena ordezkatuko duten sodio klorurodun tantak edo «suero» fisiologikoa erabil daitezke. Alabaina, «suero» fisiologikoa soilik ez da nahikoa izaten kasu gehienetan, efektua oso laburra baita eta malko artifizialak behar izaten dira tratamendua iraunkorra izateko. Hauek begi gainazalari atxikitzeko eta bertan zabaltzeko konposatuak dituzte, biskositatea handitzen dutenak. Konposatu horien artean ohikoenetakoa «azido hialuronikoa» da, urari eusteko ahalmen egokia eta biskositate baxua izanik, ukipen-lenteekin erabil daitezke eta begian nahiko erraz zabaltzen dira hori daramaten malko artifizialak. «Karmelosak» ere aurki ditzakegu. Ura «azido hialuronikoa» baino gehiago eusteko ahalmena dute, biskositate handiagoa baitute. Azken horiek ez dira egokiak ukipen-lenteekin.
Begi oso lehorrentzat «karbomero» polimeroak dituzten malkoak gomendatzen dira, biskositate handia izanik luzaroan mantentzen baitute malkoa begiari atxikita. Malko artifizial horiek gel itxura dute, ez dira egokiak ukipen-lenteekin. Hasiera batean, begian ondo zabaldu arte, ikusmena lausotzen dutenez, gauetan aplikatzea gomendatzen da.
Geruza lipidikoak malkoaren lurruntzea eragozten duenez, geruza lipidikoaren defizitak negar-jario handidun begi «lehorra» eragingo du, itxuraz «lehor» ez dena egongo. Begiko ura lurrunduko denez, begiak konpentsatzeko malko gehiago sortuko du, negarra eraginez, baina ur galera eragotziko lukeen geruza lipidiko gabe ur hori ez da begian geratuko eta begi «lehorra» pairatuko da ere.
Horretarako, konposatu lipidikoetan aberatsak diren malko artifizialak aholkatzen dira, begiko geruza lipidikoa berregituratzeko. Malko artifizialez gain, pomada oftalmologiko moduan ere aurki daitezke prestakin lipidiko hauek.
Maiz, begi lehorra bai geruza urtsuaren bai geruza lipidikoaren asalduren ondorioz jasan daiteke, eta kausa anitz aurkitzen dira, esaterako, adinaren ondorioz bien jariapena kaltetzea, ingurumen lehorrak, aire girotua, eguzki-esposizioa, ukipen-lenteak, tabakoa, erredurak, traumatismoak, gaixotasun arraro batzuk, begi-kirurgiak edota begi arazoentzako erabiltzen diren medikamentu-tantak. Multi-dosi medikamentu tanta oftalmologikoen inguruan aipatzekoa da kontserbatzaileak izaten direla begi lehorraren eragile nagusiak askotan, beraz, malko artifizialen preskripzioa edota farmazialariaren aholkua ohikoa izaten da kasu hauetan. Hori dela eta pazientea ezagutzea garrantzitsua da, bere sintoma, gaixotasun edota botikak, bakoitzarentzako malko artifizial egokiena aukeratu ahal izateko.