Antton Fernandez Lasa • Bertsozalea
Joan zen ekainaren 11n bukatu zen GoiBE Goierriko bertso eskolak 40 urte bete dituela eta antolatutako hirukotekako (h)errimatuz sariketa. Opari ederra izan da niretzat kanporaketetako batean parte hartu ahal izatea. Gure belaunaldiko parrandero goiztiarrenek 15 bat urterekin ezagututako Kirkil tabernan egokitu zitzaigun saioa, Ordizian. Kantukideek hasierako agurretan aitona zimurdun buruzuri deitu arren, plazer handiz nahastu ginen gure adin erdia baino txikiagoa duten kantu lagunekin eta entzuleekin.
Tabernan sartu ginenean kanpoan utzi genuen Lazkao Txikiren mural erraldoiari ederki genbiltzala irudituko zitzaiola pentsatu dut harrezkero. Izan ere, bertsolariak berezko behar zuela uste zen garaian sortu zen orain lau bat hamarkada GoiBE bezala Urretxu-Zumarragako bertso eskola ere, eta bertan ibili garenoi euskararen bueltako pareko zaletasundun asko ezagutzeko aukera eman digu, baita eskualdeko herri ugaritara joateko aitzakia ere, eta, nola ez, oraindik ere tarteka GoiBerri-n bertan bertso parea jartzen aritzen gara zenbait, zoriontsu.
Datorren ostegunean, hilaren 22an, aurkeztuko dute Euskal Herriko bertsolari txapelketa nagusia, bertso eskolen lanak azken urteetan edukitzen duen eskaparate nabarmenenetakoa. Sarrerak ere laster izango ditugu erosgai. Gure eskualdean haur eta gaztetxoetatik hasita helduenetara bitarte bertsoaren bueltan egi(te)n den lanaren fruitu, sei goierritar edo Goierriratu arituko dira bertan kantuan. Zorte on Maialen, Iñaki, Nerea, Oihana, Amaia eta Iban!